Hitzarmena izenpetu dugu Tolosako Udalarekin
2012ko api. 2a, 16:34
Joan zen martxoaren 20an Tolosan izandako ekitaldi batean, Badihardugu Elkarteak lankidetza hitzarmena izenpetu zuen Tolosako udalarekin "Euskal Herriko Ahotsak" proiektuan elkarrekin lan egiteko. Datozen 3 urteetan Tolosaldeko hainbat lekukotasun jaso, katalogatu eta sarean zabalduko ditugu, Ahotsak.com webgune honetan, Tolosako herriaren atalean.
Orain arte ere, azken urteotan, Euskal Herriko Ahotsak proiektuko kideok lanean jardun dugu Tolosan eta inguruko herrietan. Dagoeneko 50 lagun inguru elkarrizketatu dira eta jasotako materialaren zati txiki bat ere ikusgai dago webgune honetan.
Joan zen astean izenpetutako hitzarmenari esker, orain arte jasotako materiala lantzen jarraitzeko konpromisoa adierazi dugu Tolosako Udalak eta Badihardugu Elkarteak. Datozen 3 urteetan lekukotasunak katalogatu eta landu egingo dira, eta materialaren zatirik handiena ikusgai jarriko da Interneten. Gainera, jasotako lekukotzak Tolosako ikastetxeetan erabiltzeko aukerak ere aztertzen ari gara, azken urteotan beste herri batzuetan egin izan dugun bezala.
Aurkezpen ekitaldian udaleko ordezkariak izan ziren (alkatea eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntzako zinegotzia). Egitasmo honetaz aparte, beste bi lankidetza-hitzarmen ere izenpetu ziren ekitaldi berean: Ahozkotasuna eta Bertsolaritza egitasmoa bideratzen duena Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin, eta Euskararen Kontseiluarekin "Euskaraz BIZI NAHI DUT" kanpaina bidera dezan.
Tolosako inauterietako ohiturak
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.