Hitzarmena izenpetu dugu Bakeolarekin, "Oroimena bizirik" erakusketaren harira

2016ko ira. 12a, 10:32

Badihardugu Elkartearen eta Bakeolaren arteko lankidetza-hitzarmena izenpetu dugu, Bakeolak bihar Donostian irekiko duen "Oroimena bizirik" erakusketaren harira. Donostia eta memoria historikoa ardatz izango dituen erakusketan Ahotsak proiekturako egindako hainbat grabazio erakutsiko dira.

EDE Fundazioaren baitan dagoen Bakeola Gatazketarako Bitartekaritza Zentroak Gerra Zibilean, eta ondorengo urteetan izandako hildakoen, espetxeratuen edo euren giza-eskubideen urraketaren biktimak izan ziren lagunen memoriaren eta historiaren berreskuratzean dihardu.

Gerra Zibilean eta frankismo garaian gehiegikeriak jasan zituzten pertsonei aitortza egin, memoria kolektiboaren balioa berreskuratu, eta biktimenganako harrera eta enpatia sareak sortzeko Oroimena bizirik erakusketa prestatu du Bakeolak.

Donostian irailaren 13tik azaroaren 27ra bitartean egongo da ikusgai Oroimena bizirik erakusketa, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Bihar izango da hasiera ekitaldia, eguerdiko 12:00etan. Bertan Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatutako zenbait donostiarren testigantzak ere ikusi ahal izango dira. Baita Badihardugu Elkarteak editatutako bideo hau ere:

Erakusketaren harira, eta oroimen historikoa jasotzen egiten dugun lanak loturik, lankidetza-hitzarmena sinatu dugu bi taldeok.

 

Argazkian, Bakeolako Maider Martiarena eta Oihana Galardi eta Badiharduguko Aintzane Agirrebeña, hitzarmena sinatzen.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia