'Hitzargiak' topaketetan egongo da Ahotsak.eus, Europako "proiektu eredugarrien" artean

2016ko eka. 22a, 08:40

Bihar eta etzi Europako hizkuntza gutxituekin lotutako topaketak izango dira Hernanin: hizkuntzak biziberritzeko jardunbide egokiak izango dira hizpide. Guk Euskal Herriko Ahotsak proiektua aurkeztuko dugu, bihar goizean, ahozko ondareari buruzko mahainguruan.

Hizkuntza gutxituak biziberritzeko balio duten jardunbideak ezagutzeko aukera izango da HITZARGIAK Europako hizkuntzak biziberritzeko jardunbideen Topaketetan, ekainaren 23an eta 24an. Europako hainbat tokitako proiektu eredugarriak. Horixe baita Hitzargiak egitasmoaren helburua: hizkuntzek elkar argitzea. Europa osoko 17 hizkuntzen biziberritze-prozesuan dabiltzan eragileei elkarren berri izan, eta zubiak eraikitzeko abiapuntua eskaintzea. Asko dira Hitzargiak egitasmoan identifikatu dituzten jardunbide egokiak. Eta gurea da horietako bat: Ahotsak.eus. Bihar ahozko ondarearekin lotutako mahainguruan parte hartuko dugu.

Orona Ideo eraikinean izango dira topaketak, Hernanin. Egitarau oparoa antolatu dute: bi egun iraungo du, eta hamahiru mahainguru izango dira, beste hainbeste gairekin lotutakoak. Hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren esparru asko izango baitira hizpide: ondarea, transmisioa, hezkuntza, komunikabideak, sorkuntza, teknologia... Gu beste hiru proiektutako ordezkariekin batera egongo gara mahainguruan: Alsaziako Caroline Suss (Sammle), Galiziako Nel Vidal (As Candongas) eta Eskoziako Gordon Wells (Island Voices). Badihardugu elkartetik, berriz, Ahotsak.eus proiektua aurkezteko, Idoia Etxeberriak hartuko du hitza. Bakoitzak hamar minutu izango ditu azalpenak emateko. Euskal Herriko Ahotsak proiektuko kide den Asier Sarasua izango da mahaingurua gidatuko duena.

DSS2016ren proiektuetako bat da Hitzargiak, eta ez da topaketa hauetara mugatzen. Esan daiteke topaketa hauek ibilbide luze baten ondorio direla. Izan ere, hilabeteak daramatzate lanean. Hainbat elkarte eta erakunde ari dira parte hartzen, partzuergoa osatuta, Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean. Aditu talde batek lan ederra egin du jardunbide aproposak identifikatu eta sailkatzen. Eta talde teknikoak jasotakoa ezagutarazten. Lan horren emaitza Hitzargiak webgunean aurkituko duzue. Ehundik gora jardunbide jaso dituzte, 13 herrialdetakoak eta 25 hizkuntzatakoak. Argitxoak Europako mapan kokatu dituzte, elkarren berri izan dezagun. Proiektu bakoitzarekin lotutako informazioa eta kontaktuan jartzeko moduak ere badatoz bertan.  

Beste hizkuntza batzuetan egiten dutena ezagutzeko aukera paregabea izango dira topaketa hauek. Mila esker antolatzaileei!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia