Hitzaldia Mondragon Unibertsitatean
2011ko aza. 13a, 18:19
HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (Mondragon Unibetsitatea) hiitzaldia ematen egon ginen duela gutxi, Jon Caballero irakasleak gonbidatuta. Izan ere, aurten lehen aldiz, "Kultur ondarearen transmisioa" ikasgaia ematen ari dira Lehen Hezkuntzako graduan (Magisteritza) eta Ahotsak.com proiektuaz eta ahozko ondarearen bilketaz, oro har, hitzaldia eman zuen Idoia Etxeberria lankideak.
3. mailako ikasleei kultur ondarea zer den galdetuta, gehienei ondare materiala etortzen zaie burura (monumentuak, museoak, margolanak, eskulturak...). Ahozko ondarearen balioa ezagutarazteko, ikasleek Ahotsak.com ezagutzea garrantzitsua iruditu zitzaion Caballerori. Hala, egitasmoa nola sortu zen, eta elkarrizketak nola eta zertarako egiten ditugun azaldu genien ikasleei. Adibide batzuk ere erakutsi genizkien. Hainbat euskalki eta gairi buruzko bideo pasarteak. Ahozko ondarea jasotzearen garrantziaz eta metodologiaz ere luze jarduteko aukera izan genuen.
Egilea hiltzen denean, ondare materiala hortxe geratzen da. Ahozko ondarea ez. Jaso ezean, hitzak, keinuak eta esateko moduak betiko galtzen dira. Eta horixe da gure lana: liburuetan ez datorrena jaso eta ezagutaraztea. Tokian tokiko euskara eta, horrekin batera, historia, ohiturak, iritziak, kantuak, esamoldeak, ipuinak, giza balioak, izaera... gure aitona-amonen mundua. Jakituria. Asko dugu ikasteko haiengandik.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Caballero irakasleari eta Mondragon Unibertsitateari eman ziguten aukera eskaintzearren.
Argazkia: Joxe Arantzabal.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.