Hitanoari buruzko inkestaren emaitza orokorrak eta mapak prestatu ditugu

2024ko urt. 11a, 11:10

Badihardugu elkarteak hitanoari buruz egindako inkestaren ondorio orokorrak plazaratu ditu, erantzunak aztertu ondoren. Euskal Herrian hitanoaren egoerari buruz dauden pertzeptzioen gaineko mapak ere prestatu ditu.

Iaz hitanoari buruzko inkesta egin genuen, hitanoa bizirik dagoen herrietan egoera zer nolakoa den jakiteko. Arrakasta handia izan zuen: 4.215 erantzun jaso genituen, 287 herritakoak. Orain, erantzunak aztertu ostean, emaitza orokorrak plazaratu ditugu. Hamar erantzunetik sei udalerri euskaldunetatik heldu dira. 

Egoera orokorra ezin da esan oso ona denik. Inkesta bete dutenen gehiengoak egoera eskasa edo oso txarra dela dio. Nokarena tokarena baino okerragoa. Hala ere, bada itxaropenerako tarterik: hitanoaren gaineko interesa handia da eta herri askotan ari dira lagunarteko hizkera hori bizitzerritzeko ekimenak egiten. Gainera, badirudi garai batean izan zuen ospe txarra gutxitzen joan dela. 

Hona hemen udalerri euskaldunetan hitanoari buruz duten pertzeptzioa erakusten duen mapa:

Inkestaren lehen txostena Badihardugu elkartearen webgunean kontsultatu daiteke, bere osotasunean. Hona hemen inkestaren ondorioetako batzuk:

  • Euskal Herriko 287 herritako erantzunak jaso dira, zazpi probintzietakoak. 

  • Erantzun gehien Gipuzkoan jaso dira, 3.000tik gora (%73,8). 

  • Inkesta bete dutenen gehiengoak bere herrian hitanoaren egoera eskasa eta oso txarra dela dio (%55,6); egoera ona dela diotenak %11 dira; eta egoera erdipurdikoa dela -eta batez ere mutilen artean erabiltzen dela- diotenak, berriz, %33,4. 

  • Hori bai, nokaren eta tokaren egoeraren ikuspegia oso ezberdina da: %5ek bakarrik uste du nokaren egoera ona dela bere herrian; toka, berriz, %24k ikusten du egoera onean. Noka galzorian edo galduta ikusten dutenak %54,3 dira; tokaren kasuan, berriz, gutxiago: %23,1.

  • Hamarretik zazpik baino gehiagok dio hitanoa gizonezkoek gehiago erabiltzen dutela eta %11k, berriz, euren herriko emakumezkoek ez dutela erabiltzen. Badaude, hala ere, euren herrian erabilera nahiko parekoa dela diotenak ere (%14).  

  • Egoera onena euskararen "arnasguneetan" du hitanoak. UEMA osatzen duten udalerri gehienetatik jaso da erantzunen bat, 90 herritatik baino gehiagotatik, hain zuzen ere. UEMAk euskaldun bezala sailkatutako 164 udalerrietako 138tik jaso dira erantzunak: erantzunen %61,5 udalerri euskaldunetatik heldu dira. 

  • Inkesta emakumezko gehiagok bete dute gizonezkoek baino (% 58,8). 

  • Herritarren %71,5ek ez du hitanoaren kontrako iruzkin negatiborik entzun. %57,8k bere herrian ondo ikusia dagoela dio. 

  • Hitanoaren transmisioa bereziki etxean eta familian ematen da, kalean eta lagunartean ere asko. Eskolan ia ezer ez.

Txosten orokorraz gainera, hainbat mapa gertatu ditugu. Mapak egiteko garaian bereziki udalerri euskaldunetan jarri dugu arreta, hitanoa bizirik dagoen tokietan egoera zein den jakiteko. Udalerri euskaldunetako emaitzei buruzko txostenarekin ere bagabiltza. 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia