Hiru bideo berri aurkeztu ditu Ahotsak.com-ek San Telmo Museoan

2014ko urr. 2a, 09:27

San Telmo Museoarekin elkarlanean, Ahotsak.com-eko testigantzak oinarri dituzten "Bizitzako erritualak", "Aurrerapen teknologikoak" eta "Donostia eta turismoa" ikus-entzunezko laburrak ekoitzi ditu Badihardugu Elkarteak. Urgulleko Historiaren Etxean eta San Telmo Museoko erakusketa iraunkorrean ikusgai daude dagoeneko.

2009. urtean, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren babesari esker, "Donostiako Ahotsak" proiektua jarri zen abian. 140 hiztunen testigantzak jaso eta landu dira ordutik hona. Jasotako ondare baliotsu hori ahotsak.com webgunean ikus daiteke.

Donostiako testigantzez gainera, Euskal Herri osoan zehar tokian tokiko euskaraz grabatutako beste hainbat pasarte erabili dira: Antzuola, Aretxabaleta, Azpeitia, Belauntza, Bergara, Bermeo, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Leaburu, Legazpi, Lekeitio, Mallabia, Markina-Xemein, Munitibar, Ordizia, Orio, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zaldibia eta Zornotza... Euskara gure kulturaren berezko ondare gisa sustatzea izan da helburuetako bat. Zazpi minutuko iraupena duten ikus-entzunezko hauek jatorrizko bertsioan daude eta azpitituluak, berriz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta euskara batuan.

 

Edukiak:

Bizitzako erritualak: Tradizioak bizirik dirau (San Telmo Museoa)

Lekukotza horien bitartez, gizarte tradizionaleko bizitza-zikloa markatu duten alderdi etnografikoak ezagutu ahal izango ditugu, besteak beste, jaiotzaren iragarpena, ezkontza-apaingarriak eta -gurdia eta heriotzaren bideak. Bestalde, gizarte tradizionalaren antolamendu-egitura, emakumearen rola eta komunitatearekiko loturen garrantzia erakusten dute.

Aurrerapen teknologikoak: Industria, aldaketaren eragile (San Telmo Museoa)

Honako alderdi hauek lantzen dituen ikus-entzunezko bat gehitu da: alde batetik, teknologiaren aurrerapena dela medio etxeko bizitzan izandako aldaketak eta, bestetik, pertsonen ongizateari hobekuntza nabarmena ekarri dioten hiri-azpiegituren garapena. Lekukoek hurbiltasunetik hitz egiten dute txorrotako ura eta argia ez izateari buruz eta irratia nahiz telebista agertzeari buruz.

Donostia eta turismoa: Donostia, hiri turistikoa (Historiaren Etxea, Urgull)

Hirugarren ikus-entzunezkoaren lekukotzak hiriko turismoari eta bereziki hondartzari eta bainuei buruz hitz egiten duten donostiarren bizipenak dira. Deigarria da protagonista askok esatea hondartzara ez zirela oso maiz joaten edo ez zekitela igeri egiten.

San Telmo Museoko, Donostiako Udaleko eta Badihardugu euskara elkarteko ordezkariekin batera Donostiako hiru lekuko, bideo horietako hiru protagonista, izan ziren: Xabier Goenaga Barrena, Joxepa Iparragirre Izagirre eta Miren Iparragirre Alkorta.

Informazio gehiago: San Telmo Museoko webgunean eta Donostiako Udalaren atarian.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia