Hikaldixa egingo dute Oñatin, hika praktikatzeko, azaroaren 26tik aurrera

2021ko aza. 23a, 12:37

Paparrean txapa jantzi, eta hamar egunean hika praktikatzea da Hikaldixaren erronka. Hainbat jarduera antolatu dituzte: hika-triki-poteoak, hika bertso-saioa eta kontzertua, besteak beste. Gaur aurkeztu dute egitaraua.

Aurten Hikaldixa antolatuko du Oñatiko Udalak, Ingo Xonau! proiektuko kideen laguntzarekin. Azaroaren 26tik abenduaren 5a bitartean izango da. Helburua: hamar egunean hika hitz egitea, mutilen zein nesken artean. Oñatin mutilen artean nahiko zabalduta dago hitanoa, baina neskei hika egiteko ohitura gainbeheran zegoen puntura arte. Ohitura berreskuratu, eta hika guztien artean egitea da Hikaldixaren erronka. Gaur aurkeztu dute egitaraua, Oñatiko udaletxean egin duten prentsaurrekoan; bertan, hika ikasteko Appa hi! aplikazioaren berri ere eman dute. 

"Ingo xonau? Ingo xuau!" txapak atera dituzte, hitanoaren erabilera bultzatzeko. Txapa jantzi, eta hika jardutea da proposamena, adina kontuan hartu gabe, baina ez dago hika jakin beharrik txapa janzteko: ez dakienak belarria egiteko aukera izango du.

Txapak udaletxean (Herritarren Arreta Zerbitzuan) eta Irizar estankoan egongo dira eskuragarri. Txaparekin batera esku-orri bat banatuko dute, informazio apur batekin eta egitarauarekin. Izan ere, Hikaldirako hainbat ekintza prestatu dituzte.

Egitaraua"Ingo xonau hika?" emanaldi-solasaldiarekin hasiko da. Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak Ingo Xonau! proiektua nola sortu zen azalduko du, eta hainbat bideo ikusiaz iritzi-trukea egiteko aukera egongo da. Ostiralean izango da, 20:30ean, gaztetxean.

Hika-triki-poteoak ere antolatu dituzte. Lehenengoa larunbatean izango da: 18:30ean hasiko da, Boga tabernatik, eta tabernaz taberna joango dira. Hika praktikatzeko jolasak egingo dituzte, eta musika eskolako trikitilariek girotuko dute poteoa. Bigarren hika-triki-poteoa, berriz, abenduaren 5ean izango da, eguerdian, Hikaldiari amaiera emateko. Boga tabernan hasiko da hori ere, eta ez dira jolasak eta trikiti doinuak faltako.

Hika bertso-saioa ere egongo da, igandean. Lau bertsolari izango dira kantuan: Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze eta Xebastian Lizaso. Gai jartzaile, berriz, Mirari Sagarzazu. Gaztelekuan izango da, eguerdian, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko: Txokolaterixan eta Oñatiko Udaleko webgunean.

Musikak ere izango du bere tokia Hikaldixan: kontzertua izango da, abenduaren 2an, 20:00etan: Atzoko ogixa taldekoek hika kantatuko dituzte abestiak, gaztetxean. Arantzazu Sagarzazu oñatiarrak eta Maite Aizpurua zumaiarrak osatzen dute Atzoko ogixa taldea.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia