Hika ikastaroa antolatu dute Oñatin, apirilean eta maiatzean

2026ko mar. 18a, 17:06

Bost saioko hika ikastaroa antolatu dute Ingo Xonau! taldeak eta Oñatiko Udalak. Saioak kultur etxean izango dira, debalde, eta izena emateko epea martxoaren 20an irekiko da. Herritarrak beldurrik gabe "hikaratzera" animatu nahi dituzte. 

Oñatiko hika ikasteko gogoa duenak ez dauka aitzakiarik. Aste Santu ostean bost saioko ikastaroa antolatu dute, Ingo Xonau! taldeak eta Oñatiko Udalak, debalde. Apirilean-maiatzean izango da. Helburua: hika hitz egiten ikastea. Noka eta toka. Ikastaroa mixtoa da eta herritar guztientzat dago zabalik. Hori bai, aurtengo ikastaro honek badu berezitasun bat: hika ikasteko interesa duen herriko gazte talde batek erabaki ditu egunak eta orduak. Beste urte batzuetakoa baino laburragoa izango da eta ordutegiak ere bereziak dira, kanpoan ikasten dabiltzan gazteek ere izena emateko aukera izan dezaten. Bost saioetako hiru larunbat goizetan izango dira. 

Hauek dira hitzorduak. Hiru zapatu goiz, 11:0etatik 12:30era: apirilak 18, apirilak 25 eta maiatzak 16. Eta bi arratsalde, 10:00etatik 19:30era: apirilak 30, eguena (maiatzak 1 jai delako), eta maiatzak 8, egubakoitza.  Izena emateko epea etzi irekiko da, martxoaren 20an eta apirilaren 14ra arte egongo da zabalik, www.oñati.eus-en formularioa beteta. 

Ingo Xonau! taldea 2019an sortu zen, herrian hitanoa bultzatzeko, bereziki emakumeei zuzendutako aditz-formak (noka deitzen zaiona apurka-apurka galtzen joan da). Hainbat ikastaro antolatu dituzte orain arte. Aurtengo saioak kultur etxean emango dituzte eta, aurrekoetan bezala, Beatriz Irizar izango da irakaslea.Gazteek antolatu badute ere, adin guztietako herritarrentzat dago zabalik. Gazte zein heldu. Neska zein mutil. Hori bai, plazak mugatuak dira. Animatu eta espabilatu hadi!

Ingo Xonau! taldeak Hika Eguna ere antolatzen du urtero. Aurten bosgarrena izango da eta ekainaren 20an egingo dute.  

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia