Herri bilketa hizpide, Xenpelar jardunaldietan

2017ko mai. 16a, 13:05

Ondarea batzen ari garen hainbat eragile elkartu ginen "Tokiko Bilduma: herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea" jardunaldietan, Amasa-Villabonan. 

Giro ederra sortu zen ostiralean, Amasa-Villabonako jardunaldietan. Tokiko bilketa eta ikus-entzunezkoak izan ziren hizpidea: elkarrizketak eta ekitaldiak nola grabatu, nola editatu, nola gorde, nola hedatu... herri bilketaren oinarrizko gakoak, azken batean. 30 bat lagun bildu ziren Mintzola zentroan, Subijana etxean. Hizlariak, berriz, bederatzi ziren. 

"Tokiko Bilduma: herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea" Xenpelar dokumentazio jardunaldietako egitaraua oparoa zen. 15-20 minutuko tartea izan zuen hizlari bakoitzak. Eta bukaeran galdera eta iritzien txanda iritsi zen. Jasotako ondarea zabaltzeko zailtasunak, horixe izan zen eztabaida gaietako bat, bukaerako tarte horretan: nola egin herritarrengana heltzeko, informazioz gainezka dauden sare sozialetan? Nola egin transmisioa ikastetxeetan?

10:00etan hasi eta 14:00etan bukatu, erritmo bizian egin zuten aurrera jardunaldiek, eta denek izan genuen ikasteko aukera. Lehen zatian, batez ere azalpen eta aholku teknikoak eman zituzten hizlariek: Xenpelar dokumentazio zentroko Nere Erkiagak, bertsoa.eus-eko Eneritz Urkolak eta Ahotsak.eus-eko Haizea Odriak eta Idoia Etxeberriak. Bigarrenean, herri bilketa egiteko lau modu ezagutzeko aukera izan genuen, lau esperientzia: Oiartzuarren Baitan ekimena (Ane Lardi), Kanaldude herri telebistaren aurrekariak (Ihintza Bidarte), Donostiako Amara auzoko Amarauna proiektua (Larraitz Idarreta) eta Durango 1936: gerrako memoria kolektiboa (Unai Iturriaga eta Andoni Barreña).

Bazkariak eman zion amaiera Mintzola ahozko lantegiak eta Ahotsak.eus-ek lankidetzan antolatutako jardunaldiei, eta giro polita sortu zen han ere. Eskerrik asko Xenpelar dokumentazio zentroko kideei eta gerturatu zineten guztioi!

 

Argazkian, ostiraleko jardunaldietako hizlariak. Ezkerretik eskubira, Unai Iturriaga, Eneritz Urkola, Ane Lardi, Idoia Etxeberria, Haizea Odria, Larraitz Idarreta, Ihintza Bidarte, Andoni Barreña eta Nere Erkiaga. Egilea: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia