Gregorio Berrotaran gogoan
2013ko urt. 4a, 11:01
Hondarribian elkarrizketak egiten lagundu zigun Berrotaranek. Abenduan utzi gintuen.
Etxeko atea irekitzen dizute. Aurrez ezagutu gabe. Konfidantza osoz. Eta etxean sentitzen zara berehala. Eroso. Lagunartean. Hala sentiarazi gintuen Gregorio Berrotaranek ere. Hondarribian elkarrizketak egiteko asmoa genuela esan genionean, segituan agertu zen laguntzeko prest. Ahozko ondarea jasotzeak ilusioa egiten zion. Lehenago ere ibilia zen halako lanetan: Hondarribiko aitona-amonekin blagan egitasmoko bultzatzaileetako bat izan zen.
Hondarribian ia 50 pertsona elkarrizketatu ditugu, horietako batzuk Gregoriori esker. Baserriz baserri eraman gintuen. Bidea erraztu zigun. 2011ko azaroan elkarrizketatu genuen Gregorio bera. Behin baino gehiagotan, asko baitzuen kontatzeko. Gure ohiko elkarrizketatuak baino gazteagoa izanagatik, primeran ezagutzen zuen lehengo bizimodua. Baserriko ohiturak zein arrantzaleen gorabeherak. Gainera, oso kontalari ona zen: patxadaz esaten zituen kontuak, xehetasun asko emanaz. Begietako distira eta irribarrea galdu gabe.
Berrotaranek 67 urte zituen. Landa Garapeneko zinegotzia zen Hondarribiko Udalean. Baserri mundua maite zuen, eta baita ohitura zaharrak ere. Asko dira bera bezala ahotsak.com proiektuan laguntzen dutenak. Beraiek gabe gure lana hankamotz egongo litzateke.
Ahotsak egitasmotik doluminak eman nahi dizkiegu Gregorioren senide eta lagunei. Hondarribian lagun on bat joan zaigula sentitu dugu guk ere.
Gregoriok kontu interesgarri asko esan zizkigun. Horietako batzuk sarean daude dagoeneko. Pasarte honetan, baserriko ekonomia nolakoa zen azaltzen du:
Besteak beste, bañistekin zuten harremana ere kontatu zigun:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.