Grabazio zaharrak digitalizatzeko hitzarmena Eibarko udalarekin
2010ko mai. 17a, 13:49
Joan zen astelehenean, maiatzaren 3an, bi proiektu lantzeko hitzarmena sinatu zuten Eibarko udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak. Alde batetik, elkartearen urteko egitasmoak aurrera eramateko hitzarmena izenpetu zen, eta horrekin batera, Nerea Areta filologo eibartarrak bere tesirako egindako hainbat grabazio digitalizatuko dira 2010ean.
Eibarko udalak maiatzaren 3an herriko elkarte guztiekin hitzarmenak sinatzeko antolatu zuen ekitaldian izan zen Badihardugu Euskara Elkartea ere. Argazkian ikusten den moduan, Miguel de los Toyos Eibarko alkateak eta Asier Sarasua Badihardugu Euskara Elkarteko lehendakariak 2010erako bi hitzarmen berri izenpetu zituzten.
2009an Nerea Areta filologo eibartarrak Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea tesirako egindako grabazioak jaso zituen ahotsak.com proiektuak. 1997-2000 urte bitartean egindako 434 grabazio dira eta guztiak euskarri analogikoan daude. Grabaziook dagoeneko sailkatuta eta etiketatuta dauden arren, ezinbestekoa da lehenbizi zinta guztiak digitalilzatzea. Dagoeneko digitalizatuta daude zinta gutxi batzuk, baina aurten Badihardugu Euskara Elkarteak eta Eibarko udalak izenpetu duten hitzarmenaren baitan, zinta gehienak digitalizatu eta segurtasun kopiak egingo dira. Horren ondoren, zinta guztiak Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea izeneko proiektuaren barruan katalogatuko dira.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.