Giro polita sortu zen atzo, Donostiako mugimendu feministari buruzko saioan

2023ko urt. 25a, 08:56

"Feminismoaren hastapenak Euskal Herrian" izeneko saioa antolatu zuen atzo Badihardugu euskara elkarteak: ahotsak.eus proiektuko testigantzetan oinarritutako bideo-emanaldia eta mahai-ingurua, Donostiako Emakumeen Etxean. 

Emakumeen ahotsak entzuteko aukera izan zen atzo arratsaldean Donostiako Emakumeen Etxean. 70eko eta 80ko hamarkadetan Donostiako mugimendu feministan ibilitako emakumeenak bereziki. Horixe zen Badihardugu elkartearen helburua: Euskal Herriko feminismoaren historiaren zatitxo bat ezagutaraztea eta hausnarketa eragitea. Mahai-inguruko gonbidatuek ez ezik, publikoan zeuden hainbat emakumek ere hitz egin zuten, eta guztien artean garai bateko kronika txikia osatu zuten. Oso kontu interesgarriak aipatu zituzten eta giro ederra sortu zen. 

Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak gidatu zuen saioa. Hasteko, Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin osatutako hiru bideo erakutsi zituen. Hauxe nagusia:

Ondoren, mahai-ingurua egon zen, bideoan agertzen diren emakumeetako batzuekin. Maite Gonzalez Esnal idazleak, Lola Valverde historialariak, Miren Garmendia irakasleak eta Iratxe Retolaza ikerlariak hainbat azalpen eman zituzten: militantzia bakarra eta militantzia bikoitza, Donostiako emakume taldeen garai bateko pentsaera, orduko giroa eta ekintzak, zailtasunak eta lorpenak... Garmendiak Donostiako mugimendu feministari buruz idatzi duten liburua ere erakutsi zuen (Crónica de los primeros años del movimiento feminista en Donostia (1976-1982), Emakumeen Etxean eskuratu daiteke, debalde). Publikoan zeuden beste emakume batzuek ere hartu zuten hitza: Mariasun Landak, Karmen Diezek, Koldobike Mujikak, Begoña Gorospek... ekarpen politak egin zituzten guztiek ere.

Ahotsak.eus proiektuan asko eta asko dira elkarrizketatzen ditugun emakumeak, eta jasotako testigantzekin hainbat ikus-entzunezko prestatu ditugu, besteak beste genero-ikuspegia lantzeko. Atzo Donostian erakutsitako bideoak Ahotsak Ikasgelan webgunean daude, herritar guztien eskura. 

 

Goiko irudian, atzoko mahai-inguruko kideak: Idoia Etxeberria, Maite Gonzalez Esnal, Lola Valverde, Miren Garmendia eta Iratxe Retolaza. Iturria: Badihardugu

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia