Giro polita Oñatiko hika ikastaroan

2024ko eka. 11a, 09:14

Atzo amaitu zen Oñatiko euskaltegian antolatutako hika ikastaroa. Aurreko ikastaroak emakumeentzat izan ziren. Oraingoa, berriz, mistoa. Plaza guztiak bete ziren. Irakaslea eta ikasleak pozik agertu dira ikastaroan sortu den giroarekin. 

Atzo, Oñatiko udal euskaltegian antolatu duten hika ikastaroko azken egunean, herritar batzuk ikasleekin hika praktikatzera joan ziren. Giro polita sortu zen eta tabernan tragoa hartuta amaitu zen ikastaroa. Apiriletik hona astelehenero bildu dira, 10 saio izan dira guztira. Toka eta noka, biak ikasteko aukera izan dute.

“Bilddur barik hikaratu!” lelopean antolatu zuten ikastaroa, debalde, herritarrei hika ikasteko eta praktikatzeko erraztasunak emateko. Arrakasta izan zuen, plaza guztiak bete baitziren. Oso talde polita sortu dela dio Beatriz Irizar irakasleak. Ikasleak eta irakaslea, guztiak daude oso gustura emaitzarekin. Orain praktikatu egin behar, ikasitakoa ez ahazteko!

Lehenengo ikastaro mistoa izan da, orain artekoak emakumeentzat soilik antolatu baitira, Jabetze Eskolan. Oraingoan Oñatiko Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu du ikastaroa, Ingo Xonau! egitasmoko eta udal euskaltegiko kideekin elkarlanean.

 

Irudian: hika ikastaroko irakaslea (Beatriz Irizar, eskubitik laugarrena), ikasleetako batzuk eta hika praktikatzera joandako zenbait herritar hika ikastaroko azken egunean. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia