Giro bikaina Markina-Xemeinen, larunbatean, EHko II. Hika Topaketan
2025ko aza. 10a, 11:07
Larunbatean hitano eragileek Euskal Herriko II. Hika Topaketa egin zuten, Markina-Xemeinen. Hitzaldiak, lan-mahaiak, antzerkia, trikitia eta bertso-saioa: egun borobila izan zen.
Euritsu iratzarri zen zapatua, Markina-Xemeinen (Bizkaia), baina giroa goizean goizetik hasi zen berotzen Uhagon kulturgunean. Hika eragileak 09:00etarako hasi ziren iristen, Euskal Herriko txoko askotatik. 60 bat lagun elkartu ziren guztira, esperientziak partekatzeko eta ikasteko gogoz. Egun borobila izan zen, lana eta festa uztartu zituena eta hurrengo Hika Topaketa non izango den iragarri zuten: III. Hika Topaketa Lesakan (Nafarroa) izango da, bi urte barru. Lehenengoa Oñatin izan zen (Gipuzkoa). Oñatiko ordezkari batek lekukpa pasatu zion Markina-Xemeingoari eta hark, berriz, Lesakakoei.
Euskal Herriko II. Hika Topaketari erakundeetako ordezkariek eman zioten hasiera: Josune Irabien joan zen Jaurlaritzatik eta Isaac Amezaga Bizkaiko diputaziotik. Ondoren, Ibon Aginaga ZirHikakideak hasierako hitzaldia egin zuen: Topaketaren nondik norakoak azaldu zituen, eta hitanoaren aldeko aldarria egin zuen. Bi mahai-inguru izan ziren ondotik, goizean zehar. Lehenengoan lau esperientzia ezagutzeko aukera izan zen: Urretxu-Zumarraga (Gipuzkoa), Aulesti (Bizkaia), Goizueta (Nafarroa) eta Azkoitia (Gipuzkoa). Herri horietan hika bultzatzeko egindako lanetako batzuk ezagutarazi zituzten; Uxoa Elustondo ikerlariak egin zituen moderatzaile lanak.

Atsedenaldiaren eta kafearen ostean irrati esatariak eseri ziren mahaian, Beñat Muguruza ikerlariak gidatuta: Segura Irratia, Tolosaldeko Ataria, Euskadi Irratia eta Xiberoko Botza. Irratietan hitanoa erabiltzeko izaten dituzten gora-beheren berri eman zuten. Traola Produkzioak-ekoek grabatu zuten goizeko saioa, eta bideoak laster ipiniko ditugu ikusgai.
Bazkaldu aurretik, Uhagoneko kafetegian Abarka antzerki taldekoek antzezlan polita eskaini zuten. Zortzi lagun igo ziren oholtzara, beren beregi Topaketarako prestatutako lana antzeztera. Merezitako txalo zaparrada jaso zuten. Pintxo-jana egin ondoren, Topaketako parte hartzaileak hiru gelatan banatu ziren, hiru gairen inguruan hausnartzera: hika eragileen arteko komunikazioa, hitanoaren ikusgarritasuna eta hika ikastaroak. Siesta ordua izan arren, gogotsu aritu ziren lanean, Farapi kooperatibako kide batek gidatuta, eta ondorioak talde handian partekatu zituzten gero. Jasotako guztiarekin txostena prestatuko dute, parte hartzaile guztiei helarazteko.
Egunari amaiera emateko, Mirari eta Aintzane trikitilariek "Egingo dinagu" kanta abestu zuten, eta trikiti doinuekin kalejiran joan ziren guztiak Uhagon kulturgunetik Kontzejupera: bertso-saioa zegoen bertan. Ainhoa Agirreazaldegi, Aner Peritz eta Aitor Bizkarra aritu ziren bertsotan (Miren Amurizak ezin izan zuen joan), Igor Elortza gai jartzaile zutela. Hotz egiten zuen, baina bertsolariek ere asmatu zuten giroa berotzen. Hauxe izan zen Igorrek Ainhoari eta Aitorri ipini zien gaietako bat: "Zuek bikotea izan zineten. Sasoi hartan, zuen artean zuka hitz egiten zenuten, baina txortarako hitanoa erabiltzeko ohitura zeneukaten. Gaur, urte askoren ostean, Hika Topaketan egin duzue topo".
Aurreko igandean, Topaketaren atariko gisa, Koldo Zuazo hizkuntzalariak hitzaldia eman zuen Etxebarrian, Kultura aretoan: Ezton/baidon eta eztok/baidok: gaurkotasuna eta balioa. Garbiñe Idoeta hika irakasleak egin zuen sarreratxoa. 30 bat lagun hurreratu ziren eta giro polita sortu zen han ere.
ZirHika taldeak antolatu du Euskal Herriko II. Hika Topaketa, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean. Hika Topaketen helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Hain zuzen ere lehenengo topaketaren ostean Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da bigarrena antolatu zuena. Topaketak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





