Gerrako Ahotsak proiektuko testigantzak geolokalizatzeko lanak

2026ko aza. 16a, 12:17

Gerrako Ahotsak webguneko testigantzak geolokalizatzeko lanetan jarraitzen dugu, lekukotasunetan aipatzen diren lekuak identifikatu eta mapan kokatuz. Lan horri esker, Gerra Zibileko gertakariak toki zehatzekin lotu, lekukoen bizipenak hobeto ulertu eta gure herrietako memoria historikoa berreskuratzen eta zabaltzen laguntzen dugu.

Gerra Zibilak eta gerraosteak arrasto sakona utzi zuten Euskal Herriko herri askotan. Bonbardaketak, fronteko borrokak, ihesaldiak, errepresioa... Asko izan ziren garai hartan bizitako gertakariak, eta horietako ugari lehenengo pertsonan kontatuta jaso dira urteetan zehar. Badihardugu Euskara Elkarteak, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako lekukotasunetan oinarrituta, Gerrako Ahotsak webguneko testigantzak geolokalizatzeko lanetan jarraitzen du. Horretarako, pasarteetan aipatzen diren lekuak identifikatu eta mapan kokatzen dira, gerrako bizipenak gertatu ziren toki zehatzekin lotuz.

Geolokalizazio lan horrek garrantzi berezia du, ahozko testigantzei testuinguru geografikoa emateaz gain, gertakari historikoen eta gaur egungo paisaiaren arteko lotura egiteko aukera eskaintzen duelako. Horrela, lekukoek aipatzen dituzten kaleak, eraikinak, mendiak edo bestelako tokiak mapan identifikatu daitezke, eta gerrak herri bakoitzean izandako eragina modu hurbilagoan ezagutu. Gainera, informazio hori oso baliagarria da memoria historikoa zabaltzeko, ikerketarako zein hezkuntza-jardueretarako.

Adibide gisa, hona hemen Enrike Bernedoren (Eibar, 1926) testigantzaren bideoa eta geolokalizazioa, Karakate menditik botatzen ziren obusen inguruan:

 

Lan hori Gerrako Ibilbideak atalarekin ere lotuta dago. Bertan, herriz herri, lehenengo pertsonan kontatutako pasarte geolokalizatuekin osatutako ibilbideak eskaintzen dira, Gerra Zibileko eta gerraosteko gertakariak tokian bertan ezagutzeko aukera emanez.

Badihardugu Euskara Elkarteak testigantza gehiago geolokalizatzen jarraitzen du, Gerrako Ahotsak webguneko informazioa aberasteko eta gure herrietako memoria historikoa ezagutarazten eta zabaltzen jarraitzeko.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia