'Gernika 2037' mapa interaktiboa, Ahotsak proiektuko testigantzekin

2022ko mai. 3a, 09:18

"Gernika 2037" izeneko proiektua aurkeztu dute, Gernika-Lumoko historia erakusten duen mapa interaktiboa. Ahotsak.eus webgunean jasota dauzkagun hainbat testigantza erabili dituzte mapa osatzeko, besteak beste bonbardaketei buruzkoak. 

Lobak proiektuko eta Arkibai elkarteko gazteek sortutako proiektua da "Gernika 2037", Gernikako bonbardaketa jasan zutenen ilobek hain zuzen ere. Herriko memoriari eta espazio publikoei buruzko hausnarketa eragiten duen proiektua da. Antzinako mapak eta gaur egungoak bateratu dituzte, eta mapa horietan argazkiak, bideoak eta testigantzak txertatu, herriko historia ezagutarazteko. Lau urteko lanaren emaitza da, eta Astran aurkeztu dute.

1917, 1937 eta 1957. urteetako mapetan erabili dituzten bideo-testigantzak Ahotsak.eus proiektuan jasotakoak dira. Gerra aurreko bizimodua, gerra garaiko bizipenak eta gerraosteko giroaren berri ematen dute testigantzok: Gernikako bonbardaketa, errazionamendua... Antzinako argazkiak eta hainbat tokitatik jasotako idatzizko testigantzak ere erabili dituzte. Hori bai, 2017 eta 2037 urteetako mapak ere badatoz, lanketa garaikideak batzeko eta etorkizuneko herria irudikatzeko aukera emateko. Nondik gatozen eta nora goazen erakusten duen mapa interaktiboa izango litzateke, beraz. 

Hemen proiektuari buruzko informazio gehiago.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia