Gazte Gara Gazte: gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua

2016ko mar. 10a, 10:14

Badihardugu Elkarteak urteak daramatza adineko lekukoen bizipenak jaso eta www.ahotsak.eus webgunearen bidez hedatzen. Orain, gazteek ere badute euren lekua. Gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua jarri dugu abian: Gazte Gara Gazte. Euskal Herri osoko gazteak elkarrizketatu ditugu, euren aisialdiaren berri jasotzeko. Euren testigantzak eta gaika sortutako hainbat ikus-entzunezko aurki daitezke webgunean. Irain, birao eta bestelako esamoldeekin osatutako gazte hiztegia ere martxan da!

Badihardugu Euskara Elkarteak urteak daramatza ahozko ondarea jaso eta hedatzen Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren baitan. Orain artean adineko jendea elkarrizketatu izan dugu. Euren bizipenak eta euskara jatorra jaso eta, landu ostean, www.ahotsak.eus webgunean zintzilikatu. Orain, gazteei ere lekua eman nahi izan diegu, eta euren ahotsa jaso eta zabaltzeko asmoz, aisialdira bideratutako proiektu bat abiarazi dugu: Gazte Gara Gazte. Besteak beste, gazteen euskararen ezagutza sustatu, baliabide praktikoak eta errealak eskaini eta motibazioan eragitea du helburu. Horretarako, Euskal Herri osoko gazteen hizkera jasotzeari ekin genion 2014an, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak?

Bi urte hauetan 80 hiztunetik gora elkarrizketatu ditugu. Gazteak gehienak, baina baita gazteekin lanean dihardutenak ere. Ezezagunak gehienak, baina baita ezagunagoak ere. Euskal Herriko 7 lurraldeetako lekukoen hitza jaso dugu. Zaletasun desberdinak dituzten gazteak hautatu ditugu: mendizaleak, musikariak, bertsolariak, aktoreak, futbolzaleak, rallyzaleak... Eta euren aisialdiaz eta ohiturez galdetu diegu. Helburua, beste gazte batzuei euskarazko ereduak ematea eta interesatzen zaizkien gaien inguruko informazioa euskaraz jaso ahal izatea, modu erakargarrian. Aitor Errazkin Badihardugu Elkarteko kidea izan da proiektuaren arduradun nagusia, eta berak egin ditu elkarrizketa gehienak.

Gazte Gara Gazte (gazteak.ahotsak.eus) webguneak atal desberdinak ditu. Batetik, www.ahotsak.eus proiektuko metodologia erabiliz, egindako elkarrizketak herrika sailkatu ditugu eta webgunean katalogatu. Grabazio horietako asko landu ere egin ditugu, gaika sailkatutako pasarteetan banatuz. Eta pasarte horietako asko sareratu ere bai. Honako hau, adibidez:

Pasarte honetan aurrekoengandik jasotako espresioez dihardute Lekeitioko Ander Goikoetxeak eta Irati Seijok. Euskarazko esaera jatorrak gal ez daitezen eta gazteek eurek sortzen diuzten irain, birao edo esamolde berriak Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz, Gazte hiztegia ere osatzen dihardugu. Fitxa lexikala du oinarritzat, hainbat eremu gehitzeko aukerarekin (argazkia, bideoa, bestelako loturak...). Dagoeneko 752 sarrera ditu hiztegiak, baina etengabe hitzak gehitzen ari gara. Gainera, erabiltzaileek ere aukera dute iruzkinak gehitu edo ekarpenak egiteko.

Azkenik, Bideoteka atala aipatu behar dugu. Gazteen interesekoak izan daitezkeen gaiak harturik (parrandak, euskara-erdara, teknologia berriak, rallyak...) 10 ikus-entzunezko prestatu ditugu eta bertan eskegi. Hona hemen musikaren inguruko ikus-entzunezkoa, adibiderako:

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia