Gaur emango diote azken agurra Felix Etxeberria `Parapan´ euskaltzale elgoibartarrari
2022ko ira. 5a, 16:27
Elgoibarko kulturgintzan eta herrigintzan erreferente nagusienetakoa izan den Felix Etxeberria `Parapan´ hil zen joan zen ostiralean, 95 urte zituela. Gaur emango diote azken agurra, herrian. 2010ean Ahotsak-erako egindako elkarrizketa entzungai dago sarean.
Elgoibarko Parapan baserrian jaio zen Felix Etxeberria 1926an. Pertsona oso ezaguna izan da herrian, hainbat esparrutan egindako lan eskergagatik. Besteak beste, Danobat kooperatibaren sortzaile izan zen, artean kooperatibismoa zer zen ez zekitenean:
Elgoibarko euskararen historia soziala jasotzeko egiten ari garen elkarrizketetan gehien errepikatzen den izena da Felix `Parapan´ena, izan ere, hainbat eremutan jardun zuen euskara bultzatu nahirik.
Esaterako, berak eman zien hasiera euskalduntze-alfabetatze gau-eskolei. Ikasle moduan eta irakasle moduan jardun zuen gau-eskoletan. 1956an hasi zen euskaraz alfabetatzen "Academia de la lengua vasca" izena jarri zioten eskolan, Jose Juaristi eta Jose Antonio San Pedro abadeekin:
1958an eskola itxi egin zen eta beraiek hasi ziren irakasle lanetan, 10-15 urte bitarteko gaztetxoekin. Hasieran falangeak utzitako lokaletan ematen zituzten gau-eskolak, baina 1960an Loritoneko lokala erosi zuten. Lokalari probetxua ateratzeko, egunez umeekin erabiltzea pentsatu zuten eta horrelaxe sortu zen Elgoibarko ikastola:
Elgoibarko Izarra Elkartearen sorreran ere parte hartu zuen eta lan munduan ere euskara bultzatzeko ahalegina egin izan zuen beti. Horretan saiatu zen Danobat lantegian eta agiriak euskaratzen ere jardun zuen bertan. Geroago, oraindik ere lan funtzionamendu guztia euskaraz bideratzen duen Etxepe lantegia sortu zuen beste zenbait kiderekin batera:
2014an Felix Etxeberria, Parapango akuilua biografia prestatu zuen Xabier Lasak, Felixen suhiak, bizitzan zehar euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen akuilu-lana islatzeko asmoz. 2017an Debabarreneko Gure Balioak Saria eman zioten. Ibilbide oso baten aitortza izan zen. Epaimahaiak Etxeberriaren "ekimena eta izaera ekintzailea" nabarmendu zituen, eta baita haren "zintzotasuna, ausardia eta ekimen berriei egiteko ilusioa" ere.
Gaur, astelehena, emango diote azken agurra Felix Etxeberriari, Elgoibarko San Bartolome parrokian 19:00etan egingo den hiletan. Doluminak haren senide eta lagunei.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.