Ikasleak gustura ibili dira Oñatiko bigarren hika ikastaroan, Jabetze Eskolan

2021ko api. 27a, 09:59

Oñatin noka biziberritzeko dagoen beharra ikusita, Ingo Xonau! ekimenetik bi hika ikastaro antolatu ditugu emakumeentzat, Jabetze Eskolan. Bigarrena gaur arratsaldean bukatuko da.

Oso gustura ibili dira hikako ikastaroan. Gaur dute azken eguna. Pandemiak pandemia, hamar emakume animatu dira hika ikastera. Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko noka biziberritzea da eta, horretarako, hainbat jarduera egiten ari gara. Besteak beste, hika ikastaroak emakumeentzat, Jabetze Eskolan.

Beatriz Irizar izan da irakaslea, lehenengo ikastaroan bezalaxe. Noka eta toka, biak ikasteko aukera izan dute. Eta genero ikuspegia lantzeko ere balio izan du, ez baita kasualitatea emakumeen aditz-formak galdu izana eta gizonezkoenek bizirik irautea. Noka berreskuratzea emakumeentzat ahalduntze-tresna ere izan daiteke. 

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen 2019an, Oñatiko Udalaren babesari eskerIngo xonau!. Badihardugu euskara elkarteko kideok hartu genuen proiektuaren gidaritza, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. 54 herritar elkarrizketatu genituen (gehienak emakumeak), eta ondoren grabazioak sareratzen joan gara: Ahotsak-en ikus ditzakezue. 

Oñatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka ere argitaratu genuen, azaroan. Urtarrilean Oñatiko hiru ikastetxetako ehundik gora ikasleri banatu zizkietn liburuxkak, eta hitanoa lantzeko ahozko ariketak egiten dabiltza. Hikalaguna ere ipini genuen martxan, garrantzitsua baita hika berba egiteko eremu informalak sortzea, nahiz eta orain geratuta egon. Horrekin jarraitzeko asmoa daukagu, COVID-19ak uzten digunean. 

Gainera, jasotako testigantzekin lau ikus-entzunezko prestatu ditugu. Hona hemen nokaren galeraren arrazoiei buruzkoa:

Argazkian: Jabetze Eskolako bigarren hika ikastaroko ikasleetako batzuk, Beatriz Irizar irakaslearekin (ezkerreko lehenengoa).

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia