Gernikako bonbardaketa, gaur 80 urte
2017ko api. 26a, 14:24
1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumo bonbardatu zuen Alemaniako Condor legioak, Francoren aginduz. Une latz haiek bizi izan zituztenen lekukotasunak jasotzeko aukera izan dugu Ahotsak.eus proiektuan. Zoritxarrez, azken urte hauetan jasotako ahots horietako asko eta asko jadanik ez daude gure artean, baina urteotan egindako lanari esker beraien ahotsek bizirik diraute bonbardaketaren 80. urteurrenean.
Apirilaren 26 hura astelehena zen, azoka eguna hain zuzen ere, eta herria jendez beteta zegoen. Bertan bizi ziren 5.000 herritarrez eta Busturialdeko baserritar eta erosle askoz gain, Bizkaiko beste hainbat herritatik zein Gipuzkoa aldetik heldutako errefuxiatuak zeuden. Gaur eta datozen egunotan modu berezian gogoratuko dituzte bonbardaketaren ondorioak, eta guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu.
Gernikako eta Durangoko bonbardaketekin lotuta jasotako lekukotasun batzuk ondorengo bideoan ditugu batuta:
Gerra Zibilaren hasieran, Otxandioko bonbardaketaren ostean, babesleku-sarea eraikitzen hasi ziren. Horri esker, eta beste hainbat babesleku pribaturi esker, Gernikan zegoen jende andanak ezkutatzeko aukera izan zuen, eta ehunka bizi salbatu ziren. Babeslekuez gain, alerta-seinaleen sistema ere bazegoen: Kosnoaga menditik bandera gorriak astinduz, Andra Maria elizako kanpandorrean zeudenei abisatzen zieten hegazkinak zetozela jakinarazteko; ondorioz, herriko industrietako alarmak ere joka hasi ziren (gaur egun Astra lantegiko sirena erabiltzen dute gaurko eguna gogoratzeko).
Hauek dira Gernikako erasoen unea gogoratuz Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzetako batzuk:
Enrike Aranzabal "Iturri", 1924
Kontxi Arrienek (1929) neba eta osaba galdu zituen. Hildako asko ez zituzten sekula topatu.
Juana Irigorasek (1917) umorez kontatzen du beste pasarte hau:
Jesus Kortabitartek, 1927, eta Angel Nabeak, 1930, Burgo menditik ikusi zuten erasoa:
Lekukotasun gehiago entzuteko aukera ere badago Ahotsak.eus proiektuan, Gernikako bonbardaketari eta beste bonbardaketa batzuei buruzkoak. Mola jeneralak "Bizkaia desegingo dut" esan omen zuen 1937ko udaberrian. 162.000 bonbaz hornituta zihoazen 138 hegazkinek Bizkaiko 40 herritik gora bonbardatu zituzten: Durango, Abadiño, Bilbo, Galdakao, Zeanuri, Dima, Elorrio, Zaratamo, Erandio, Zornotza, Gernika... Gerra Zibilari eta bonbardaketei buruzko ehunka pasarte jaso ditugu urteotan Ahotsak.eus-en.
1936ko gerrari eta gerraosteari buruzko 2.000 bideo pasartetik gora batzen dituen webgunea: Gerrako Ahotsak.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.