Gasteizko euskararen ahotsak

eka. 18, 2014, 9:41 a.m.

Ahotsak.com-en orain arte herri-hizkera, euskalkia jaso izan dugu herririk herri, baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizirik dago, eta Gasteiz da horren eredu. Horregatik, Gasteizko euskararen ahotsak jaso nahi ditugu. Proiektua bideratzeko crowdfunding-a abiatu dugu, www.karena.eu plataforman. Lagundu nahi?

Hamaika urte daramatzagu Euskal Herriko Ahotsak jasotzen: jende nagusia elkarrizketatu, eta ahozko ondarea batzen. Herri hizkerak eta memoria historikoa batzen eta zabaltzen, Ahotsak.com webgunearen bitartez. Lan handia egiten ari gara herriz herri, euskalkiak jasotzeko. Baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizirik dago. Gasteizen, esate baterako. Horregatik, eta orain arteko esperientzia baliatuz, Gasteizen proiektu berri bat bideratu nahi dugu: Gasteizko Euskararen Ahotsak.

Hainbat gasteiztarren lekukotzak jasoko ditugu. Batzuk gasteiztarrak jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi dugu. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Eta euskarazko ahots horiek guztiak ikus-entzunezko batean bilduko ditugu, Gasteizen euskara bizi-bizirik dagoela erakusteko.

Euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan; gainera, hiriburu politiko eta kulturala bihurtu da Gasteiz. Denetariko euskaldunak elkarrizketatu nahi ditugu: ezagunak eta ezezagunak, gazteak zein adinekoak. Bada ordua gasteiztarren ahotsak jaso, eta denen eskura jartzeko. Gasteiz euskalduna ezagutarazteko.

Zure laguntza behar dugu! Bidelagun bihurtu nahi? Sartu www.karena.eu plataforman eta eman zure laguntza egitasmoari!

Egindako elkarrizketak www.ahotsak.com webgunean katalogatuko ditugu eta ekoitzitako ikus-entzunezkoa ere sarean jarriko dugu, denon eskura.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia