"Gasteizko euskararen ahotsak" posible izango da
2014ko uzt. 29a, 11:46
Duela hilabete jarri genuen martxan crowdfunding bidezko diru-bilketa Gasteizko euskararen ahotsak proiektua abiarazteko. Zuon laguntzari esker, posible izango da aurreikusitakoa burutzea; beraz, eskerrik asko laguntza eskaini diguzuen guztioi.
Ekainaren 18an jarri zen martxan www.karena.eu euskarazko lehenengo crowdfunding plataforma, eta honekin batera baita Gasteizko euskararen ahotsak proiektua ere. Gasteizko euskarak ere baduela ahotsik erakutsi nahi dugu proiektu honetan. Izan ere, orain artean, herri-hizkera jaso izan dugu Ahotsak.com-eko testigantzetan, baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizi-bizirik dagoela erakutsi nahi dugu. Gasteiztarren lekukotasunak ere bildu nahi ditugu, euskara nola bizi duten jakiteko, euskaraz nola bizi diren ezagutzeko.
Asko izan zarete guzti hau posible egin duzuenok. Diru ekarpena egiteaz gain, proiektuari buruzko informazioa hedatzen eta berau sustatzen ibilitakoak ere ez baitzarete gutxi izan. Mila esker denoi, zuen laguntzarik gabe ez genituelako hitz eta lerro hauek idatzi ahal izango.
Orain hitzartutakoa betetzea baino ez zaigu falta. Hainbat gasteiztarren lekukotzak jasoko ditugu: batzuk gasteiztarrak jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi dugu. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Eta euskarazko ahots horiek guztiak ikus-entzunezko batean bilduko ditugu, Gasteizen euskara bizi-bizirik dagoela erakusteko.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.