Felisa Etxabe elkarrizketatu dugu, 100 urteko azkoitiarra

2018ko mai. 17a, 11:02

Felisa eta Flora bikiak dira, eta biak iritsi dira 100 urtera. Felisa Etxabek Elgoibarko bere etxean hartu gaitu, eta besteak beste gerrako kontuak kontatu dizkigu: Gernikako bonbardaketa bertatik bertara bizi izan zuen. Ahotsak.eus proiekturako egin diogu elkarrizketa. 

Burua primeran dauka Felisak. "Belarria gaizki!", dio penatuta. Gor-haizeak ernegarazi egiten du. Etxean makulurik ere ez du erabiltzen. Arin dago, jada 100 urteak beteta baditu ere. Kontalari aparta da, trebea. Bizia, umoretsua. Hori bai, bizitzan asko sufritutakoa. Bizi izandako momentu latzak beste bati gertatutakoak iruditzen zaizkio batzuetan. Gernikako bonbardaketa, esaterako. "Sinisteko re!". Egunero ardo tragoxka hartzen du, "Mendaroko medikuaren aginduz", eta horrek bizipoza ematen dio. 

Errege egunean jaio ziren Felisa eta Flora, duela mende bat. "Bata amaren zapatan eta bestia aitaren botan!", diosku barrez. Baina kontu tristeak ere barra-barra kontatu dizkigu, Felisa ez baita esne mamitan bizi izan. 17 urte zituela, etxetik alde egin behar izan zuen. Gerra hasi zen, eta bera ez zen ba gudarientzat prakak josten ibili! Ilea moztu eta umiliatu egingo zutela esan zioten, eta muda bat hartuta egin zuen ihes Azkoititik, nazionalak herrira sartu aurretik. Eta Gernikan egokitu, bonbardaketa gertatu zenean. Une latzak izan ziren. Batera eta bestera ibili ostean, eta Azkoitin giroa pixka bat baretu zenean, bueltatu egin zen. Hala ere, gorrotoa zen nagusi. Mehatxuak eta begirazunak. 

Euskadi Irratian elkarrizketatu zuten, eta halaxe izan genuen Felisaren berri. Han esandakoak eta gehiago kontatu zizkigun guri atzo, bi ordu pasatxo igaro baikenituen berarekin, gustura asko berriketan. Eskerrik asko, Felisa! Eta horrela segi, hain atsegin eta animosa! 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia