Euskarazko irratiak 80 urte

2012ko ots. 29a, 13:15

Euskarazko irratiaren 80. urteurrena gogoratzeko jardunaldiak egingo dituzte Donostian bihar eta etzi, Koldo Mitxelena kulturgunean. Lehen irratsaioko esatarien artean Amale Arzelus zegoen, zortzi urteko neskatoa, eta omenaldian izango da.

Martxoaren 2an beteko dira 80 urte Ander Arzelus "Luzear" (1898-1949) eta Joseba Zubimendi (1898-1939) donostiarrek euskarazko lehen irratsaioa sortu zutenetik. 1932an hasi ziren, Radio Union irratian, eta asteazkenero egin zuten, 1934ko urrian II. Errepublikako gobernu eskuindarrak debekatu zuen arte. Tarte horretan, baina, euskal kulturgintzako pertsona ezagun asko eraman zituzten mikrofonoaren aurrera: idazleak, bertsolariak, musikariak, ikastoletako andereñoak... Saioko izarra, hori bai, Amale Arzelus umea zen. Luzearren alabetako bat. Grazia handiz antzezten zituen aitak prestatutako elkarrizketak eta testuak. Horrexegatik, euskarazko irratigintzan emakumezko lehen esatari eta aktoretzat dute Amale. Bera izango da jardunaldietako omenduetako bat.


Amale Arzelus duela bi urte elkarrizketatu genuen, eta bere bizitzako hainbat zertzelada kontatu zizkigun. Euskaraz ikasi zuen, ikastolan, eta aitaren arrimuan hasi zen euskararen aldeko lanetan. Ume-umetatik. Irratian ez ezik, baita antzerkian eta hitzaldiak ematen ere.


Umetan hitzaldiak ematen eta antzerkia egiten

Luzearrek antzezlan bat ere idatzi zuen propio alabarentzat.


"Neskamearen marmarrak" antzezlana

Baina gerrak dena aldatu zuen: ihesi joan ziren, eta aita preso hartu zuten. Kartzelatik irten zenean, lehengo bideari ekin zion Luzearrek; besteak beste antzezlanak zuzentzeari, isilpean. Baina ez zioten utzi, eta bestaldera joan behar izan zuen.


Aitarekin antzezlanak prestatzen, isilpean

1948an Amalek isilpeko ikastola jarri zuen Donostiako Parte Zaharrean. 1968tik aurrera helduei euskara irakasten ere ibili da. Euskerazaintza elkarteko kiderik edadetuena da.


Amaleren ahizpa Itziar Arzelus ere andereño ibili zen. Bere esperientzia kontatu zigun, eta aitari buruz hitz egin zuen.


Ander Arzelus, "Luzear"

Sarean dago KM kulturguneko jardunaldietako egitaraua. Besteak beste Irutxulon eta Berrian aurki ditzakezu horri buruzko albisteak.

Joseba Zubimendiri eta Ander Arzelusi buruz gehiago jakiteko, berriz, Bidegileak aukera aproposa da: Zubimendi eta Luzear.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia