Euskararen zapalkuntzari buruzko erakusketa eta dokumentala, herriz herri
2014ko mai. 8a, 11:38
Zarautzen, Donostian, Arrasaten, Azpeitian eta Tolosan izango da "Euskara, ospeletik eguterara" erakusketa, datozen hileotan. Euskal Memoria Fundazioak euskararen zabalkuntzari buruzko dokumentala ere prestatu du. Euskal Herriko Ahotsak proiektuko hainbat testigantza erabili dituzte bietan.
"Euskara, ospeletik eguterara" erakusketa eta ikus-entzunezkoa prestatu ditu Euskal Memoria Fundazioak. Apirilean Oiartzunera eraman zuten, eta abendua bitarte Gipuzkoako hainbat txokotan egongo da ikusgai. Hurrengo aukera Zarautzen izango da, merkatu-plazan, astelehenetik aurrera: maiatzaren 12tik 18ra.
Proiektuak 15 paneleko erakusketa, ikus-entzunezkoa, esku orriak eta mahai-ingurua hartzen ditu bere baitan. Erakusketa lekuan, ikus-entzunezkoa ikusteko hainbat aukera izango dira. Hauek dira hurrengo datak maiatzean: 15ean Zarautzen, 23an Donostian (Egian) eta 26an Arrasaten. Ekainean, berriz, 9an Tolosan eta 11n Azpeitian.
"Euskararen kate hautsiak" liburuaren ostean dator proiektu hau. Euskarak jasandako zapalkuntza aztertu zuen David Anautek liburuan, eta orain zapalkuntza ezagutarazteko beste bide batzuk ari dira jorratzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalen laguntzarekin. Liburuan bezalaxe, erakusketan eta dokumentalean ere Ahotsak.com-eko hainbat testigantza erabili dituzte Euskal Memoriakoek. Besteak beste honako bideoa prestatu dute, lekukotasun horiek baliatuta:
Elkarlana da Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren helburua. Jasotako testigantzak herritarren esku jartzen ditugu, debalde eta erabilera librearekin. Izan ere, guztion ondarea da. Horregatik dira posible hau bezalako lanak.
Argazkian erakusketaren irudi bat, Oiartzungoa.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.