Euskararen Transmisioari buruzko mintegi berezi eta jendetsua, atzo Eibarren

2020ko mar. 12a, 15:45

Eta Kitto! euskara elkarteak X. Mintegia antolatu zuen atzo Eibarren, eta 21 solaskide igo ziren oholtza gainera. Hainbat ikuspuntutatik heldu zioten euskararen erabileraren eta sozializazioaren gaiari. 

Eta Kitto! euskara elkarteak urtero antolatzen duen mintegiak X. urteurrena bete du, eta atzo sekula baino parte-hartzaile gehiago batu ginen, Eibarko Portalean. Gaia urterokoa, baina aldiro-aldiro zer hausnartua ematen duena. Oholtza gainera igo ziren 21 solaskideek hainbat alor, egoera eta kontzeptu izan zituzten hizpide: migratzaileak, gazteak, euskaldun berriak, aisialdia, eskola, herrigintza, kultura, familia, komunitatea... ekarpen interesgarriak egon ziren. Eta hantxe izan ginen gu ere, urtero legez adi-adi entzuten eta buruari eragiten, gero euskara bultzatzeko bidean gure aletxoa eskaini ahal izateko. 

Mintegi berezia izan zen atzokoa. Hitzaldien ordez mahainguruak antolatu zituzten: sei guztira. Oholtzan dekorazio ikusgarria ipini zuten: zuhaitz handi eder bat, aulki dotoreak, lanpara bereziak... Hortaz gainera, matriuska bat ibili zen aurkezle-lanetan (Nerea Ariznabarreta aktorea). Parte-hartzaileoi plastilina zati bana eman ziguten, bakoitzak sentitzen zuenari forma eman ziezaion, eta sentipen onak zein txarrak papertxo banatan idaztera ere animatu gintuzten. Gero, txarrak erre egin genituen. 

Mahainguru guztiak izan ziren interesgarriak, baina entzuleen arreta erakartzen trebeenak Porrotx pailazoa, Zaloa Urain abeslaria eta Jon Maia bertsolaria izango ziren seguruenez, solasaldi bizi eta erakargarria egin baitzuten. Kantatu ere egin zuten! 

Mintegiko solaskideei eta bertan hitz egindako gaiei buruz gehiago jakiteko, ikus Eta Kitto!-k zabaldutako informazioa

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia