"Euskararen transmisioaren etena" bideoa sarean ikusgai

2018ko abu. 27a, 11:44

Guraso batzuek seme-alabei beren hizkuntza ez irakastea erabaki zuten. Zergatik? Erantzunetako batzuk Ahotsak.eus proiektuko testigantzekin osatu dugun bideo honetan aurki daitezke. 

Etxe eta familia askotan etena gertatu zen euskararen transmisioan. Hegoaldean zein Iparraldean. Eten horren arrazoiei buruzkoa da prestatu dugun bideoa, Ahotsak.eus proiektuko testigantzekin osatua:

Hegoaldean 1936ko gerra eta gerraostea oso garai ilunak izan ziren euskararentzat, eta horri buruz hitz egiten dute elkarrizketatuek. Alabaina, euskararen transmisioaren etena askoz lehenagotik zetorren: aspaldikoak dira euskara ezjakinen eta baserritarren hizkuntza gisa ikusarazteko ahaleginak. Iparraldean, adibidez, Frantses Iraultzaren ondoren lan handia egin zuten norabide horretan.

Gertatu zena jakinaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Bideo hau ikastetxeetan erabitzeko, DBHko Euskara eta literatura ikasgaian, proposamen pedagogikoak gertatzen gabiltza orain, eta fitxa sortuko dugu Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin dugu bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 80 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako eta DBHrako. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia