Euskararen transmisioa jomugan, seigarrenez
2016ko mai. 4a, 17:52
Eibarko Portalean izan zen Mintegia, atzo, eta hizketagaia urterokoa: euskararen transmisioa. Nola eragin euskararen erabileran? Erantzun nekeza duen galdera horri erantzun nahian aritu ziren bertaratutakoak.
Euskararen Transmisioari buruzko 6. Mintegia izan zen atzo Eibarren, Eta Kitto euskara elkarteak antolatuta, eta hantxe izan ginen Badihardugu elkartekoak ere, urtero legez. Oso mintegi interesgarria izan zen, hausnarketarako bide asko ireki zituena.
Entzule asko joan ziren Portaleara atzo goizean, irakasleak eta euskara teknikariak batik bat, gaiak erakarrita: euskararen transmisiorako aholku eta praktika egokiak ezagutzeko irrikaz. Nola igo euskararen erabilera datuak? Zein jarrera dute gaztetxoek euskararekin? Eta zein helduek? Zer egin daiteke euskara suspertzeko eskolan? Zer kalean? Gazteak al dira horretarako giltza ala haien gurasoak?
Zazpi hizlarik hartu zuten hitza, nork bere proiektua eta esperientzia azaltzeko. Ikerketak, kasu praktikoak... denetik izan zen. Lehenengo txandan hiru izna ziren hizlariak. UEMAko Xabi Aizpuruak DBHko 400 ikasleri egindako inkestaren emaitzak azaldu zituen, eta bere gogoetak ere plazaratu zituen. Jon Maia bertsolariak, berriz, etorkinen seme gisa izandako esperientzia kontatu zuen. Esperientzia pertsonala, eta hunkigarria. Etorkinekin harremantzeko modua aldatzeko garaia dela uste du. EHUko Estitxu Garaik, berriz, euskararen marka sortzeko beharra aldarrikatu zuen: euskararen balio erantsiak zein diren finkatu eta horiek hedatzeko estrategia diseinatu beharko litzateke, haren arabera.
Bigarren txandan zazpi hizlari aritu ziren, kasu praktikoak azaltzen. Bagera euskara elkarteko Aitziber Gurutzeagak Donostiako Egia auzoan euskara suspertzeko egin dutena azaldu zuen. Eibarko Arrateko Andra Mari ikastetxeko Elisabeth Lemak ikastetxeko guraso talde bati euskara irakasten jardun du ikasturte honetan, eta esperientzia zer nolakoa izaten ari den kontatu zuen. Eibarko San Andrtes ikastetxean, berriz, Eusle programa jarri dute abian, eta horren berri eman zuen Juani Iriondok. Bukatzeko, Elgoibarko Ikastolako guraso elkarteak "Bizia delako" egitasmoaren nondik norakoak aletu zituen, gurasoen artean euskararen erabilera biziberritzeko ekimena.
Mintegia zuzenean jarraitzeko aukera izan zen twitterren #mintegia erabiliaz. Hitzaldi guztiak bideoz grabatu zituzten. Eta Kittoren webgunean bideo horiek ikusteko aukera izango da datorren astetik aurrera.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.