Euskararen osasun digitala
2012ko ira. 28a, 12:47
Europan egin duten ikerketa baten arabera, euskarak ez du babes nahikoa teknologia berrietara behar bezala egokitzeko. Europako 30 hizkuntza aztertu dituzte, eta bederatzi dira babes egoki samarra dutenak. Gainerakoak digitalki iraungitzeko arriskuan ei daude.
Europako hizkuntzen osasun digitala neurtu berri dute. 80 hizkuntzetako 30 aztertu ditu META-NETek, eta honako ondorioa atera du: Europako 21 hizkuntza digitalki iraungitzeko arriskuan daude. Zer esan nahi du horrek? Ba ez direla teknologia berrietara behar bezala egokitu. Itzulpen automatikoa da adibideetako bat; hizkuntza gehienetan, garatu gabeko tresna da.
Eta zein da euskararen egoera? Euskara “babes zatikatua” duten hizkuntzen artean jarri dute, katalana, galegoa, bulgariera, greziera, hungariera eta polonierarekin batera; arrisku handiko hizkuntzen multzoan sartu dituzte horiek denak. Baina badira okerrago daudenak ere. Babes eskasena dutenak islandiera, letoniera, lituaniera eta maltera ei dira.
Zein da egoera onenean dagoen hizkuntza? Ingelesa, nola ez. I+G proiektu gehienak ingelesean oinarritzen dira. “Babes ona” duen hizkuntza bakartzat jo dute ikerketan. Haren atzetik alemana, espainiera, frantsesa, italiera eta nederlandera daude, “babes ertainaz”.
“Gure azterketaren emaitzak oso dira kezkagarriak. Europako hizkuntzarik gehienek behar baino baliabide gutxiago dauzkate, eta haietariko zenbait erabat baztertuta daude. Zentzu horretan, gure hizkuntzetariko asko ez daude prest etorkizunari aurre egiteko”, esan du Hans Uszkoreit META-NETeko koordinatzaileak.
Euskararen egoera aztertzen Elhuyarko hizkuntza-teknologien I+G unitateak parte hartu du. Emaitzak Euskara aro digitalean Liburu Zurian azaltzen dira. Informazio zabalagoa, Zuzeun.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.