Euskarabildua: euskara eta teknologia berriak hizpide

urr. 22, 2012, 10:04 a.m.

Euskarak sarean presentzia izan dezan zer egin daitekeen, horixe izan zuten hizpide ostiral goizean Euskarabildua jardunaldietan, Donostiako KM kulturunean.

Zein toki du euskarak sarean? Zer egin daiteke egoera hobetzeko? Zein dira gaurko eta biharko erronkak? Horrelako galderei erantzuna bilatzeko antolatu dituzte Euskarabildua jardunaldiak. Ostiral goizean izan ziren, Donostian, KM kulturunean.

Lau adituk euren esperientziak kontatu zituzten eta baita hainbat aholku eman ere. Gainera, sarean arrakasta izan duten hiru esperientziaren berri eman zuten: tropela.net, Osasunlingua eta bertsotan egiteko Arbel Digitala.

Davyth Hicks galestarrak Europako Batasuneko hizkuntza gutxituei buruz hitz egin zuen. Eurolang erakundean egiten du lana, Europako Parlamenturako, hizkuntza eskubideak babesten. Sare sozialen eta "ziber aberrien" garrantziaz jardun zuen; Galesen egindako ikerketa baten arabera, ikasleek Facebooken galesera gehiago erabiltzen dute kalean baino. Galeserak nolabaiteko komunitate sentsazioa ematen ei die. Hizkuntza gutxituak teknologia berrietara egokitzea eta tresna denak norbere hizkuntzara itzultzea ezinbestekoa dela dio, baina hori egiteko ezin dela enpresa handiei eta erakundeei begira egon: "Hizkuntza gutxituak %10 dira, eta aurrekontuaren %5 bakarrik jasotzen dute". Hizkuntza handien presioa handia da.

Bat dator Albert Cuesta kazetaria ere. Katalana da bere esparrua. Bera izan da katalana Twitterren egotea lortu duenetako bat. 27 hilabeteko lana izan zen, eta egindako bidea kontatu zuen: Barsa futbol taldea ekimenaren alde agertu zenean (jarraitzaile mordoa ditu Facebooken), orduan lortu zuten. Katalanaren presentzia ona da sarean, .cat domeinua ere badute. Eredua da euskararentzat. Cuestaren arabera, erronka berria eskuko telefonoak dira, oraindik denetan ez dagoelako euskara eta katalana erabiltzerik. Erosleok zer esan handia dugula uste du, eta geurea defendatu behar dugula. Laster, gainera, hitz egiten duten aparatuz inguratuta egongo gara (kafe makinak, telebistak, autoak...).

Egoitz Goikoetxea SEO teknikaria da, eta alderdi teknikoaz jardun zuen. Esan zuenez, EAEn Interneteko erabiltzaileen %97k Google bilatzailea erabiltzen du. Hortaz, gure webgunea Google bilatzailean postu onetan egotea oso inportantea da. Hori lortzeko kontuan izan beharrekoak azaldu zituen: izenburua, helbidea eta edukia nola jarri, emaitza onak izateko; eta zein tresna dauden jendeak zer bilatzen duen jakiteko.

Azken hizlaria Lander Arbelaitz izan zen, Argia webguneko arduraduna. Begirada historikoa izan zen berea: duela 16 urte Internet sortu zenetik gaur arte egon den bilakaera aztertu zuen. CD-Rometik web telebistaraino. Argia aldizkariak sarean egindako ibilbidea kontatu zuen batez ere. Euskara hutsean webgunea izan zuen lehen komunikabideetako bat izan zen, eta orain ere aitzindariak izaten saiatzen dira. Baita lortu ere: 350.000 bideo ikustaldi izan dituzte. Dokumentalak, erreportaiak, ekitaldiak, film laburrak... eskaintza gero eta zabalagoa da. Abendurako webgune berria izango dute, dena Creative Commons lizentziapean jarrita eta kanal tematiko berriekin.

Jardunaldien antolatzaileak Ametzagaiña taldea, Argia aldizkaria eta Iametza Interaktiboa izan dira. Informazio gehiago: Euskarabildua.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia