"Berriketa Plaza" egin zuten atzo Bergaran, euskara berbagai hartuta
2024ko abe. 4a, 10:56
Euskararekin lotutako bizipenak jasotzea izan zen atzo Euskararen Egunean Bergaran antolatu zuten "Berriketa Plaza" izeneko ekimenaren helburua.
Bergarako pleno aretoan hiru mahai ipini zituzten atzo arratsaldean, kafea eta pastak. Mahai bakoitzean, lau herritar eta moderatzaile bat eseri ziren. Euskararekin lotutako bizipen interesgarriak zituzten guztiek, bertaratutako hamabi herritarrek. Familiako kontuak, eskola garaikoak, kaleko giroa, Elizakoa... denetik izan zuten ahotan, bostetatik zazpiretarako tartean. Grabatzeko moduko zerbait esaten zuten aldiro, Ahotsak-eko kideengana bidaltzen zituzten. Haizea Odria eta Idoia Etxeberria gela banatan zeuden zain, kamara banarekin. Kontu polit asko jaso zituzten. "Berriketa Plaza" izeneko saioa Bergarako Udalak antolatu zuen, Euskararen Egunean, euskararen historia soziala jasotzeko, aurreko urteetan egindakoa osatze aldera. Izan ere, 2021etatik hona hainbat elkarrizketa egin dituzte norabide horretan: https://ahotsak.eus/proiektuak/euskararen-historia-soziala-bergaran/. Besteak beste, Bergarako euskalgintzaren historia jasotzen duen Izotz ondoko eguzki liburua ere plazaratu zuten.
Saioaren bukaeran, Andrea Bella uruguitarrak bere esperientzia kontatu zuen, euskara ikasteko bere prozesua nolakoa izan zen; 2025eko Euskaraldiko Bergarako dinamizatzailea da. Partaide bakoitzaren ilustrazio txiki bat ere egin zuen Bellak, momentuan bertan, eta bakoitzari berea oparitu egin zion gero. Udalak, berriz, Izotz ondoko eguzki eta Bergara aldeko hiztegia liburuak oparitu zizkien bertaratutakoei. Giro polita sortu zen eta gustura joan ziren etxera.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.