1940-1980 urteetako euskalgintzari buruzko hitzaldia Bergaran, bihar

2022ko abe. 13a, 16:29

Izotz ondoko eguzki izeneko hitzaldia emango dute bihar goizean Bergaran, 10:00etan. Izen bereko erakusketa ere ikusgai dago, Aroztegi aretoan, abenduaren 25era bitarte, Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan. Helburua 1940-1980 urteen bitartean Bergaran euskalgintzan izandako mugimendua jasotzea da. Badihardugu elkarteak prestatu du erakusketako ikus-entzunezkoa, herrian jasotako lekukotasunekin. 

Izotz ondoko eguzki izeneko hitzaldia emango dute bihar, gerraostetik trantsiziora bitarte Bergaran euskara biziberritzeko egin den lana ezagutarazteko. Juan Martin Elexpuru, Idoia Etxeberria eta Anaje Narbaiza izango dira hizlariak, eta bakoitzak alor bat jorratuko du. 10:00etan izango da, seminarioan. Bergarako Udalak antolatu du, Goienagusirekin batera. Izen bereko erakusketa ikusteko aukera ere badago, abenduaren 25a bitarte, Aroztegi aretoan. Abenduaren 9an ireki zuten erakusketa, eta, bide batez, proiektuan parte hartu duten herritarrei omenalditxoa ere egin zieten. Ikus Goienaren bideo-erreportajea; goiko argazkia ere bertatik atera dugu.

Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan antolatu dituzte biak, erakusketa eta hitzaldia. Helburua herrian euskalgintzan egin den ibilbidea jaso eta zabaltzea da, eta baita protagonistei aitortza egitea ere, sarri lan isila eta ezezaguna delako. Guztira 26 pertsonaren testigantzak jaso dituzte orain arte (gehiago egiteko asmoa dute); Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak egin ditu elkarrizketak, eta baita erakusketako 20 minutuko ikus-entzunezkoa ere, Haizea Odria lankidearekin batera; hark egin du edizio-lana. Hementxe duzue:

Badiharduguk egindako elkarrizketetan euskalgintzan izandako mugimendua jaso dute: dantza, antzerkia, hezkuntza, alfabetatzea, kantagintza, betsolaritza... Grabazioak landuta eta ikusgai daude Ahotsak.eus webgunean, Bergarako orrian.

2020an hasi ziren egitasmoarekin, Bergarako Udalak eskatuta: hona hemen prentsaurrekoaren albistea. Udaleko Euskara Zerbitzuaren inguruan lan-mahai bat sortu zen, eta lan handia egin du elkarrizketatzeko pertsona egokiak bilatzen eta aukeratzen: elkarrizketak egin aurretik haiekin bildu, dokumentatu... Laboratorium museoan egin zituzten elkarrizketa gehienak, 2021eko martxotik hona. Erakusketa prestatzen, berriz, Bergarako Udal artxiboa eta Euskara Saila ibili dira. Erakusketan, informazio-panelez eta ikus-entzunezkoaz gainera, hainbat material dago: kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak… 

Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik dabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. Bergarako AhotsakEuskal Herriko Ahotsak eta Bergarako emakumea eta lana proiektuetarako elkarrizketak egiteaz gainera, beste hainbat eragilek egindako grabazioak ere bildu dituzte urteen joan-etorrian: guztira 192 hiztunen testigantzak. 2.500 bideo-pasarte eta 550 audio-pasarte baino gehiago ikus/entzun daitezke Bergarako orrian.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia