Euskal Herriko III. Hikadromoa egingo da Durangoko azokan, abenduaren 5ean
2026ko aza. 26a, 17:26
ZirHika taldeko kideek Euskal Herriko III. Hikadromoa antolatu dute Durangon, Landako ikastetxean, abenduaren 5ean. Euskal Herriko hikazaleei parte hartzeko deia egin diete, elkarrekin hika egiteko, ondo pasatzeko eta hitanoa bizirik dagoela erakusteko. Berbodromoa ekimenaren barruan antolatu dute, Tauparekin batera: euskara eta hitanoa erdigunean jarri nahi dituzte elkarrekin, bata zein bestea praktikatzeko aukerak emanez. Izen-ematea zabalik dago.
Abenduaren 5ean Euskal Herriko III. Hikadromoa antolatu dute Durangon, 15:30ean Landako ikastetxean, azokako kale berean . ZirHika taldeak antolatu du, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin batera sortutako Berbodromoa ekimenaren barruan. Iaz bezala, hikadromoaren aurretik, 14:30ean, pintxo-jana egongo da eta ostean, 17:00etan, hika bertso-saioa: aurten Miren Amuriza eta Amaia Agirre bertsolariekin. Hikadromoa Bagera euskara elkarteak gidatuko du: laukoteak osatuta jardungo dute hika, 15 minuturo taldez eta gaiz aldatuz. Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du. Helburua: hika hitz egitea eta ondo pasatzea. Izen-ematea zabalik dago! Anima hadi! Iaz 90 lagun bildu ziren.
Abenduaren 5ean HIKA EGUNA izango da eta, hikadromoaz gainera, hitanoa bultzatzeko material berria ere aurkeztuko dute, Landako guneko areto nagusian: Arratiako Appa Hi! aplikazioaren eta euskara batuko hika ikasteko poltsikoko liburuxkaren berri emango dute Aintzane Agirrebeña eta Gotzon Aurrekoetxea ZirHikakideek, 12:00etatik 12:20ra. Gainera, Durangoko azokan hitanoarekin lotutako materiala eskuratzeko aukera ere egongo da egunero, Badihardugu-Ahotsak.eus estandean ZirHikak bere lekutxoa izango baitu.
Hikadromoa Berbodromoa izeneko gunean izango da eta Taupak ere hainbat jarduera egingo ditu bertan, gainerako egunetan, besteak beste mintzodromoak. Ikusi hemen egitarau osoa. Lehen aldiz mintzodromo irekia egingo da: Landako guneko kanpoaldeko karpan izango da, abenduaren 7an, 17:00etatik 19:00etara, Eman 15 minutu euskarari lelotzat hartuta. Euskararen eta hitanoaren erabilera bultzatzea da helburua; nahi duenak aukera izango du bertan eseri eta bere aletxoa jartzeko, zuka zein hika. Famatuak ere gonbidatuko dituzte.
ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Hainbat ekimen antolatu ditu 2024ko apirilean sortu zenetik: Hikadromoak Durangoko azokan, Euskal Herriko Hika Topaketak, hika ikastaroa irakasleentzat UEUn... 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa egin zen Oñatin (Badiharduguk, UEUk eta Oñatiko Udalak antolatuta) eta handik sortu zen ZirHika, elkarrekin hitanoa bultzatzeko beharra ikusita; Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. ZirHikak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du Hika Eguna eta hikadromoa antolatzeko. ![]()
Goiko irudian, iazko hikadromoan partaideak hika hizketan, launaka eserita Landako ikastetxeko jangelan. Iturria: ZirHika
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





