Euskal Herriko II. Hikadromoko bideoak ikusgai: ekitaldia eta bertso-saioa

2026ko urt. 23a, 12:05

Abenduaren 6an ZirHika taldeko kideek EHko II. Hikadromoa antolatu zuten Durangon, Landako ikastetxean. Euskal Herriko hainbat tokitako 90 hikazale bildu ziren eta oso giro polita sortu zen. Ekimena grabatu egin zutenez, orain bi bideo prestatu, eta on-line ipini dituzte: bata ekitaldikoa eta bestea bertso-saiokoa. 

Batzuk hika hizketan trebeak. Ikasten ari direnak, besteak. Guztira 90 lagun elkartu ziren abenduaren 6an, Durangon, EHko II. Hikadromoan. Euskal Herriko hainbat tokitatik bertaratu ziren, ZirHika taldeak deituta, hitanoa bizirik dagoela erakusteko eta ondo pasatzeko. Lehenengo pintxo-jana izan zuten, gero Hikadromoa (zozketa eta guzti) eta, bukatzeko, hika bertso-saioa. Nolakoa izan zen jakiteko, onena hurrengo bideoa ikustea:

Andoni Egañak eta Amaia Agirrek umorez zipriztindu zuten ekitaldia, bukaera ezin ederragoa emanez toka-noka bertsotan. Hona hemen bertso-saioa: 

Durangoko azokan hitanoarekin lotutako materiala eskuratzeko aukera zegoen, Badihardugu-Ahotsak.eus standean, Artekale 62an, ZirHikak bere lekutxoa izan zuelako. Hika ikasteko liburuxka asko saldu ziren, ikasteko gogoa dagoen seinale. 

ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Hainbat ekimen antolatu ditu 2024ko apirilean sortu zenetik: EHko I. Hikadromoa izan zen antolatu zuen lehen jarduera: 75 hikazale elkartu ziren. Euskaraldia Hika ere ipini zuen abian, Tauparekin batera, eta 2025eko azaroan Markina-Xemeinen izan zen EHko II. Hika Topaketa ere bideratu zuen, besteak beste. 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa egin zen Oñatin (Badiharduguk, UEUk eta Oñatiko Udalak antolatuta) eta handik sortu zen ZirHika, elkarrekin hitanoa bultzatzeko; Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. Aurtengo Hikadromoak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du. 

Goiko irudian, EHko II. Hikadromoko talde argazkia. Iturria: ZirHika. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia