Euskal Herriko II. Hikadromoa egingo da Durangoko azokan, abenduaren 6an

2025ko aza. 20a, 14:43

ZirHika taldeko kideek EHko II. Hikadromoa antolatu dute Durangon, Landako ikastetxean, abenduaren 6an. Euskal Herriko hikazaleei parte hartzeko deia egin diete, elkarrekin hika egiteko, ondo pasatzeko eta hitanoa bizirik dagoela erakusteko. Iaz 75 lagun bildu ziren eta aurtengo erronka 150 hikazale biltzea da. Izen-ematea zabalik dago!

Abenduaren 6an, EHko II. Hikadromoa antolatu dute Durangon, Landako ikastetxean, azokako kale berean. Iaz bezala, ZirHika taldeak antolatu du. Hori bai, aurten berrikuntza batzuekin: barruan izango da, epeletan. Gainera, hikadromoaren aurretik pintxo-jana egongo da eta ostean hika bertso-saioa, Amaia Agirre eta Andoni Egaña bertsolariekin. Hikadromoa Bagera euskara elkarteak gidatuko du: laukoteak osatuta jardungo dute hika, 15 minutuero taldez eta gaiz aldatuz. Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du. Helburua: hika hitz egitea eta ondo pasatzea. Izena emateko on-line formularioa prestatu dute. Telefonoz ere eman daiteke izena: 943121775 / 652750947. Anima hadi!

Mintzodromoa izeneko gune berrian izango da hikadromoa eta Taupak ere hainbat jarduera antolatuko ditu bertan, gainerako egunetan.

Durangoko azokan hitanoarekin lotutako materiala eskuratzeko aukera ere egongo da, Badihardugu-Ahotsak.eus standean, Artekale 62an, ZirHikak bere lekutxoa izango baitu. 

ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Hainbat ekimen antolatu ditu 2024ko apirilean sortu zenetik: EHko I. Hikadromoa izan zen antolatu zuen lehen jarduera. Euskaraldia Hika ere ipini zuen abian, Tauparekin batera, eta duela gutxi Markina-Xemeinen izan den EHko II. Hika Topaketa ere bideratu du, besteak beste. 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa egin zen Oñatin (Badiharduguk, UEUk eta Oñatiko Udalak antolatuta) eta handik sortu zen ZirHika, elkarrekin hitanoa bultzatzeko; Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. Hikadromoak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka. 

Goiko irudian, iazko hikadromoan partaideak hika hizketan, launaka eserita. Iturria: ZirHika. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia