Euskal Herriko II. Hika Topaketa Markina-Xemeinen izango da, azaroaren 8an

2025ko uzt. 9a, 09:46

Euskal Herriko I. Hika Topaketa Oñatin izan zen, 2023ko udazkenean. Bigarrena Markina-Xemeinen izango da, aurten, azaroaren 8an. 

ZirHika taldeak, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean, Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatuko du aurten. Azaroaren 8an izango da, Markina-Xemeinen. Topaketaren helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, elkarrekin hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Egun osoko egitaraua izango da: goizean hitzaldiak egongo dira eta arratsaldean, berriz, lan-mahaiak. 

Irailean irekiko da izena emateko epea, eta orduan jakinaraziko dute egitaraua ere. Hika eragilea baldin bazara eta interesa baldin baduzu, gorde data agendan! 

ZirHika taldearen helburua hitanoaren erabilera bultzatzea da. Taldea 2023ko udazkenean egin zen Hika Topaketaren ondoren sortu zen. Hainbat ekimen bultzatu dituzte: Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu zuten, Durangoko azokan, eta Euskaraldia Hika ere bai Euskaraldiaren barruan, Tauparekin batera. Une honetan II. Hika Topaketa eta II. Hikadromoa antolatzen ari dira.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia