Euskal Herriko I. Hikadromoa egingo da Durangoko azokan, abenduaren 7an
2024ko aza. 25a, 12:01
Abenduaren 7an, 16:00etan, Hikadromoa egongo da Landako ikastetxean, azokako kale berean. ZirHika taldeak antolatu du. Aurtengo Durangoko azokako nobedadeetako bat izango da. Durango euskalzaleen bilgunea izaten da urtero eta aurten hikalarien bilgune izatea ere nahi dute. Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du. Helburua: hika hitz egitea eta ondo pasatzea.
Hikadromoa Bagera euskara elkarteak gidatuko du: laukoteak osatuta jardungo dute hika, 15 minutuero taldez eta gaiz aldatuz. Izena emateko on-line formularioa prestatu dute. Telefonoz ere eman daiteke izena: 943121775 / 652750947. Anima hadi!
ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. Iaz Euskal Herriko I. Hika Topaketa egin zen Oñatin (Badiharduguk, UEUk eta Oñatiko Udalak antolatuta) eta handik sortu da, elkar ezagutu, indarrak batu eta hitanoa bultzatzeko. Hikadromoa izan da antolatu duen lehen jarduera eta, horretarako, hainbat bidelagun izan ditu: Bagera, Praktikatu AEK eta Gerediaga, besteak beste.
Durangoko azokan hitanoarekin lotutako beste jarduera batzuk ere egongo dira: abenduaren 6an, 19:20an hasita, bi hitzaldi izango dira areto nagusian. Lehenengo, Badiharduguk hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak eta hika.ahotsak.eus webgunea aurkeztuko ditu. Ondoren, Fernando Oiartzunek Leitzako hiketa izango du hizpide: grabazioak sarean nola kontsultatu. Abenduaren 7an, berriz, mahainguru bat egongo da, 11:30ean Durangoko museoan: "Hik eta biok", Deustuko unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak antolatuta.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.