Euskal Herriko I. Hika Topaketa izango da Oñatin, azaroan

2023ko uzt. 27a, 13:42

Hitanoa bultzatzen ari diren eragileak batu eta elkarlanerako bideak aztertzea da I. Hika Topaketaren helburua. Azaroaren 10ean izango da, Oñatin. Izen-ematea udazkenean zabalduko da. 

Euskal Herriko I. Hika Topaketa ari gara antolatzen. Asmoa: hitanoa bultzatzen gabiltzan eragileok elkar ezagutu, eta elkarlanerako bideak aurkitzea. Oñatin izango da, azaroaren 10ean, ostirala. 09:30etatik 17:30etara. Goizean mahai-inguruak egongo dira, esperientzia desberdinak ezagutzeko, eta arratsaldean lan-mahaiak, bertaratutako guztientzat, hausnarketarako. Bide bat irekitzeko abiapuntua izatea nahiko genuke.

Badihardugu euskara elkartea, UEU eta Ahotsak ari gara Topaketa antolatzen, Oñatiko Udalaren eta Mararama Taldearen laguntzarekin. 

Nori zuzenduta dago? Hitanoa bultzatzen ari diren eragileak eta elkarteak, hika irakasleak, euskara teknikariak... Kopurua mugatua izango da: guztira 60 lagun inguru bilduko gara. Interesa baldin baduzu, apuntatu ezazu agendan! Uda ondoren emango dugu Topaketari buruzko informazio gehiago: egitaraua, izena emateko modua eta bestelako xehetasunak.

Zergatik Oñatin? 2019tik hona lan handia ari dira egiten hitanoa bultzatzeko: elkarrizketak, hika ikasteko liburuxka, hika ikastaroak, Hika Egunak, hika-bertso-saioak... Ikusi hemen Oñatiko Udalak babesten duen Ingo xonau! egitasmoaren ibilbidea

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia