Euskal Herriko Ahotsak proiektuari omenaldia Eibarko San Juanetan
2013ko uzt. 4a, 14:35
Aurtengo San Juan jaiak bereziak izan dira Badihardugu Elkartearentzat. Euskal Herriko Ahotsak proiektuak 10 urte bete dituela-eta omenduak izan gara Eibarren bertako ...eta kitto! aldizkariarekin eta Asier Cuevas korrikalariarekin batera.
Urtero bezala, aurtengo Eibarko San Juan jaietan herriko zenbait lagun omendu nahi izan dituzte. Hiru izan dira omenduak aurten: Asier Cuevas korrikalari eibartarra, Europako 100 kilometroko lasterketan txapeldun izan dena duela gutxi; ... eta kitto! aldizkaria, 25 urtez herriko albisteak euskaraz etxeraino eramaten diharduena; eta Euskal Herriko Ahotsak, Eibar ingurutik hasi eta pixkanaka 10 urtean Euskal Herri osora zabaldu den proiektua.
Aurtengoan guri tokatu zaigu, beraz. Eta pozarren hartu genuen albistea. Ohorea izan da guretzat jaietako protagonistak izatea. Dultzaineroen ongietorrian, jaiei hasiera emateko pregoian, San Juan sua pizten eta Soka Dantzan parte hartzeko aukera izan genuen. Eskerrik asko!
Jaien inguruan 5.000 argazkitik gorako bilduma prestatu dute ...eta Kitto! aldizkarikoek eta San Juanen inguruan EITBk grabatutako saio berezia ere ikusgai duzue.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.