Euskal Herriko Ahotsak nazioarteko ikerketetan

2026ko urr. 21a, 12:56

Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako materiala ikerketa akademikoetan erabiltzeko lankidetza-hitzarmenak egin ditugu Illinoiseko Unibertsitatearekin eta Helsinkiko Unibertsitatearekin. Bi kasuak oso desberdinak diren arren, biek ala biek agerian uzten dute ahozko ondarea bildu, dokumentatu, landu eta ikertzaileen esku jartzearen garrantzia eta ondare immaterialak ikerketa-esparru desberdinetan izan dezakeen balioa.

Euskal Herriko Ahotsak proiektuan bildutako ondare immateriala www.ahotsak.eus webgunearen bitartez hedatzen dugu, edonorentzat dago eskuragarri. Ondare immaterial aberats hori hainbat esparrutarako baliagarria denez, era askotako lankidetzak gauzatu izan ditugu. Oraingoan, nazioartetik jasotako eskaerei erantzunez, Illinoiseko Unibertsitatearekin eta Helsinkiko Unibertsitatearekin hitzarmen bana sinatu dugu, Ahotsak-eko materiala euren ikerketa akademikoetara bideratzeko. 

Illinoiseko Unibertsitatean, Maialen Casquete de la Puente doktoregai eta ikerlariak Durangoko Ahotsak proiektuko hainbat bideo-pasarte erabiliko ditu analisi akustiko baterako. Bere ikerketan, hitz-bukaerako -k eta -t kontsonanteak ahoskatzen ez direnean ondoren datozen soinuekin zer gertatzen den aztertuko du. Adibidez, guk be bezalako egituretan /k/ soinua galtzean sortzen diren aldaerak ikertuko ditu, eta soinua galdu arren hiztunek esanahia mantentzeko edo bereizteko bestelako baliabiderik erabiltzen duten aztertuko du.

Helsinkiko Unibertsitatean, berriz, Emma Lundén ikerlariak Euskal Herriko Ahotsak proiektuko transkripzioak erabiliko ditu hizkuntzalaritza konputazionaleko master-tesian. Helburua euskalkientzako hitz-bektoreak sortzea da, hau da, hizkuntzaren errepresentazio numerikoak eraikitzea. Horien bidez, besteak beste, euskalkien arteko antzekotasun semantikoa eta bariazioa aztertu ahal izango ditu, eta baliabide gutxiko hizkeretara konputazio-metodoak nola egokitu daitezkeen ikertu. Helsinkiko hitzarmenean ere ikerketaren helburua euskararen bariazio dialektala eredu konputazionalen bidez aztertzea dela jasotzen da.

Bi adibide hauek erakusten dute Ahotsak.eus-en bildutako materialak oso desberdinak diren ikerketa-ildoak elika ditzakeela. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan urteak daramatzagu ahozko ondarea eta herri-hizkerak biltzen, dokumentatzen eta zabaltzen. Jasotzen dugun ondarea ez da garai bateko bizimoduaren argazki soila, ondorengoek erabil dezaketen informazio-iturri baliagarria bihurtzen da denen eskura jarrita. Hori dela eta, proiektua sortu zenetik hainbat lankidetza izan ditugu, alor eta modu askotakoak, eta ikerlari askok baliatu dute Ahotsak proiektuan bildutako ondarea euren ikerketetarako (hizkuntzarekin lotutako ikerketez gain -izan hizkuntzalaritza, dialektologia edo hizkuntzaren tratamendu automatikoa-, baita antropologia, historia edo bestelako ikerketa-esparruetan ere). Euskal Herrian izan ditugun lankidetza akademikoen kasuan ere, esparru ezberdinak jorratu izan dituzte: Euskal Herriko Unibertsitateko EUDIA taldeak, esaterako, euskararen bariazioa aztertzea zuen helburu; IXA Taldeak, berriz, hizkuntzaren tratamendu automatikoa du ikergai nagusietako bat; IKER taldeak, Iparraldeko hizkeren aldakortasun sintaktikoa aztertzeko baliatu zuen Ahotsak proiektuan batutako ondarea.

Horrelako erabilerak posible izateko, funtsezkoa da ahozko ondarea jasotzeaz gain, behar bezala dokumentatu, antolatu eta eskuragarri jartzea. Eta, ahal den neurrian, berrerabilera erraztea ere bai. Ahotsak.eus-en argitaratutako material asko CC BY-SA lizentziapean eskaintzen ditugu; horri esker, edukiak berrerabili, aztertu eta bestelako lanetan baliatu daitezke, jatorria aitortuz eta lizentziaren baldintzak errespetatuz.

Guretzat ideia horrek lotura zuzena du proiektuaren oinarrian dagoen printzipio batekin: herritik jasotako ondarea herriari itzultzea. Ondarea ez dadila artxibo batean gordeta geratu, baizik eta herritarrek, ikertzaileek, irakasleek eta bestelako eragileek berrerabili eta ezagutza berria sortzeko baliatu dezatela.

Illinoiseko eta Helsinkiko lankidetzak norabide horretan egindako lanaren beste bi adibide dira.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia