Estatuko kontalariei ahozko narrazioak nola jaso azaltzen atzo, Arantzazun
2026ko uzt. 3a, 13:04
Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren berri izan zuten, atzo, AEDAko Udako Eskolakoek, Arantzazun. Estatuko narratzaile profesionalek Kontu eta kanten kantoia webguneko materiala ezagutzeko aukera izan zuten eta bideoz elkarrizketak egiteko hainbat aholku jaso zituzten.
AEDA Espainiako estatuko ahozko narratzaile profesionalen elkartea da, eta kontalarien 11. Udako Eskola antolatu dute egunotan, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), ekainaren 29tik uztailaren 2ra. Estatuko hainbat tokitatik etorritako 42 ipuin kontalarik hartu dute parte. Eskolaz gainera, publikoari irekiko kontaketak eta tailerrak ere izan ziren. Badihardugu euskara elkarteko Idoia Etxeberriak hitzaldia eman zuen atzo, azken eskola-egunean, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan lekukotasunak nola biltzen dituzten azaltzeko. Eskertuta eta pozik agertu ziren ikasleak; beraietako batzuk ere aritzen dira testigantzak jasotzen eta esperientzia-truke interesgarria izan zuten.
Lehenik eta behin, Etxeberriak Arantzazuk euskararekin duen loturari buruz hitz egin zien: euskara batuaren sorrera, fraide frantziskotarrek euskara jasotzeko eta sustatzeko egindako lanak... Ondoren, Ahotsak proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkien, 25 urteko ibilbidearen laburpena. Hori bai, Ipuinak eta ahozko narrazioak izan ziren hitzaldiaren muina, horixe delako ahozko kontalarien interesgune nagusia. Badihardugukoek ipuinekin egindako lanketak Kontu eta kanten kantoia webgunean daude jasota: Amaia Elizagoien "Amelie" eta Joxe Mari Karrere ipuin kontalariek Ahotsak-en jasotako ipuinen hainbat bertsio egin zituzten; ikastetxeetako ikasleei ipuinak kontatzen erakusteko ikasmateriala ere badago.
Informatzaileak nola bilatu, elkarrizketetan zer galdetu, ipuinak jasotzeko galdetegi posiblea, elkarrizketak bideoan nola egin (beharrezko materiala, enkoadrea, argiztapena)... hainbat azalpen eman zituen Etxeberriak elkarrizketak egiteko prozesuari buruz ere. Kontalariek ere ekarpen asko egin zituzten eta saioa oso aberatsa izan zen.
Argazkian, Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria, atzo Arantzazuko Iraipe hotelean AEDAren 11. Udako Eskolan hitzaldia ematen. Iturria: AEDA
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





