Eskoriatzako Santa Ageda eta inauteriak, Interneten ikusgai
2015ko ots. 4a, 13:54
Atzo aurkeztu zituzten Zaldibar Antzokian Badiharduguk egindako bi ikus-entzunezkoak. Herritarrak oso pozik eta hunkituta, belaunaldi ezberdinetako testigantzak biltzen dituzten dokumentalekin.
Santa Ageda bezpera dugu gaur eta dagoeneko badabiltza Eskoriatzako neska-mutilak kantu-eskean, baserriz baserri, ohiturari jarraituz. Aurten, gainera, elurpean!
Atzo arratsaldean Zaldibar Antzokian izan genuen aukera bikaina jai honi buruz gehiago jakiteko. Baita inauteriei buruz ere. Izan ere, Eskoriatzako Udalaren eskariz Badihardugu elkarteak sortutako bi ikus-entzunezkoen emanaldia ospatu zen. Maider Landa zinegotziaren eskutik izan zen aurkezpena eta herriko ondarea jasotzearen garrantzia azpimarratu zuen.
Beste herri batzuetakoarekin alderatuta, Eskoriatzan jai hauen inguruan dauden berezitasunak jaso nahi izan ditu udalak dokumental hauetan. Santa Agedaren kasuan, beste leku batzuetan bezalaxe gazteak kantu-eskean ateratzen badira ere, plazan egiten dituzten dantzak dira bereizgarri Eskoriatzan.
Gerra garaian inauteriak debekatuta egon ziren Euskal Herrian baina gerora Eskoriatzan berreskuratu egin ziren Urdelardero eguna eta Kukumarruen ohitura.
Dokumentaletan parte hartu duten herritar batzuk ere bertaratu ziren antzokiko pantaila handian ikustera eta bi dokumentalak jasotzen dituen DVDa eskuratu ahal izan zuten. Hala ere, edozeinen eskura daude Interneten. Eta dagoeneko eskoriatzarren artean bolo-bolo dabiltza!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.