Erromeriei buruzko mahai-ingurua bihar Algortan
2022ko abe. 27a, 10:31
Algortako Itxartu Euskal Dantzari Taldeak mahai-ingurua antolatu du, sasoi bateko erromeriei buruz jarduteko: Jota eta erromeria Uribe Kostan. Bertan, adineko dantzariek hartuko dute parte, eta Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak ere erabiliko dituzte.
Jota eta erromeria Uribe Kostan izeneko mahai-ingurua antolatu du Algortako Itxartu Euskal Dantzari Taldeak biharko, abenduaren 28rako: aspaldi Uribe Kostan zeuden erromerien inguruko solasaldia. 19:00etan izango da, Algortako Muxikebarrin. Sarrera debalde da, baina gonbidapena beharrezkoa da aforoa kontrolatzeko (izena emateko, 650077756). "Dantzari zaharrak izango ditugu gure artean", aurreratu dute. "Aurkezpen baten ondoren, tarteka bideo batzuk jarriko ditugu, horren inguruan aritzeko". Horretarako, Itxartu taldekoek beraiek grabazio batzuk egin dituzte, eta guk ere utzi dizkiegu Ahotsak.eus egitasmoan jasotako hainbat testigantza. Hitzaldia iragartzeko bideotxo hau prestatu dute:
Ahotsak. eus proiektuan jasotako testigantzen artean, IRALEk egindakoak dira aipagarrienak: izan ere, Iralekoek jada gure artean ez dauden hainbat musikari eta dantzari elkarrizketatu zituzten Bizkaiera bilduma egitasmorako, 1983tik 1993ra, eta testigantza horiek gaur egun harribitxiak dira. Erromeriak indarra galtzen joan dira azken hamarkadetan, baina behinola oso ziren inportanteak.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.