Eman izena hika ikastaroan, Oñatiko Jabetze Eskolan
2021ko urr. 15a, 11:08
Oñatin noka biziberritzeko dagoen beharra ikusita, Ingo Xonau! ekimenetik hika ikastaroak antolatzen hasi ginen emakumeentzat, Jabetze Eskolan. Iaz bi egin genituen, eta izan zuten harrera ona ikusita aurten beste bat antolatu dugu. Izena emateko epea zabalik dago jada. Animatu!
Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko hitanoa biziberritzea da eta, horretarako, hainbat jarduera egiten ari gara. Besteak beste, hika ikastaroak emakumeentzat, behar handiena beraiek dute eta. Iaz bi ikastaro egin ziren, Oñatiko Jabetze Eskolan, eta aurten beste bat antolatu dute: astelehenetan (18:00-20:00). Azaroaren 8tik urtarrilaren 31ra, Euskaldun Berria gelan. Izena emateko epea zabalik dago! www.oñati.eus helbidean formularioa bete behar da ala Berdintasun sailera deitu (943780411). Ikasteko eta ondo pasatzeko gogoa baldin badaukazu, animatu zaitez!
"Noka, emakumeon ahalduntzerako tresna" dauka izena ikastaroak, noka berreskuratzea emakumeentzat ahalduntze-tresna ere izan daitekeelako: ez da kasualitatea emakumeei zuzendutako aditz-formak galdu izana eta gizonezkoenek bizirik irautea. Beatriz Irizar izango da irakaslea, aurreko ikastaroetan bezalaxe. Noka eta toka, biak ikasteko aukera egongo da.
Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen 2019an, Oñatiko Udalaren babesari esker: Ingo xonau!. Badiharduguko kideok hartu genuen proiektuaren gidaritza, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. 2019an 54 herritar elkarrizketatu genituen (gehienak emakumeak), eta ondoren grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-en ikus ditzakezue.
Oñatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka ere argitaratu genuen, 2020ko azaroan. 2021eko urtarrilean Oñatiko hiru ikastetxetako ehundik gora ikasleri banatu zizkieten liburuxkak, eta hitanoa lantzeko ahozko ariketak egiten ari dira. Hikalaguna ere ipini genuen martxan, garrantzitsua baita hika berba egiteko eremu informalak sortzea. COVID-19arengatik bertan behera geratu zen, baina azaroan berriro martxan jartzeko asmoa dago.
Gainera, jasotako testigantzekin lau ikus-entzunezko prestatu ditugu. Hona hemen nokaren galeraren arrazoiei buruzkoa:
Hemen orain arte Ingo Xonau! proiektuaren barruan egin diren lan guztiak, pausoz pauso eta argazkiekin: Ingo Xonau!
Argazkian: Jabetze Eskolako bigarren hika ikastaroko ikasleetako batzuk, Beatriz Irizar irakaslearekin.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.