Emakumeen testigantzekin proiekzio-solasaldia, bihar Donostian
2017ko eka. 14a, 14:10
Nolakoa zen emakumeen bizimodua garai batean? Zer kontatzen dute gure amonek? Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin osatutako hainbat bideo ikusiko ditugu Donostiako Emakumeen Etxean, 18:00etatik 20:00etara.
Adineko emakumeen testigantzak. Horiek dira bihar Donostiako Emakumeen Etxean egingo dugun proiekzio-solasaldiaren ardatza. Emakumeek lanean, aisialdian, familian... izan dituzten esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, eta hausnarketarako eta iritziak trukatzeko tarte eder bat sortuko dugu. Izan ere, ba al dakigu gure amonak gaztetan nola bizi izan ziren? Zer pentsatzen duten emakume izateari buruz?
Emakumeek prakarik jantzi ezin zuten garaiaz ari gara, ezkondutakoan lana utzi behar zuten garaiaz... Hainbat bideo prestatu ditugu, gai interesgarri askoren ingurukoak. 18:00etatik 20:00ak bitarte, bideoak ikustearekin batera, solasaldia egingo dugu. Ahotsak.eus proiektuko Idoia Etxeberria izango da gidaria. Gaur egungo bizimodua eta garai batekoa alderatzeko balioko digute bideoek. Ikasteko eta pentsarazteko. Zertan hobetu da emakumearen bizimodua? Zertan gaude antzeko edo okerrago?
Ahotsak.eus proiektuan urteak daramatzagu ahozko ondarea jasotzen. 5.600 lagunen testigantzak batu ditugu. Horietatik erdia inguru emakumeak. Emakumeei modu masiboan hitza eman zaien lehen aldia da. "Zer kontatuko dizut ba nik?", esaten digute askok; "ez daukat ezer interesanterik kontatzeko". Baina ez da egia. Jasotako testigantza horiek guztion eskura jarri beharreko altxorra dira.
Hona hemen bihar erakutsiko dugun bideoetako bat:
Anima zaitez, eta etorri Donostiako Emakumeen Etxera!
Argazkian: Donostiako Tabakalera tabako lantegiko langileak. Argazkilaria: Ricardo Martin
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.