Elkarlanerako hitzarmena sinatu dugu Bedaioko Artubi Kultur Elkartearekin

2014ko aza. 3a, 09:47

Atzo, igandea, Bedaioko Artubi Kultur Elkarteak eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarlanareko hitzarmena sinatu genuen Bedaion bertan, urtero antolatzen duten azokan. Bedaioko ahozko ondarea jaso, gorde eta zabaltzea da, besteak beste, bi elkarteon asmoa.

Tolosako auzoa izan arren, izaera berezia du Bedaiok. Bertakoek "herri" deitzen diote, halaxe funtzionatzen duelako. Eta Artubi Kultur Elkarteak zeresan handia du langintza horretan. Herriari bizia ematen ahalegintzen dira Elkarteko kideak eta urtean zehar hainbat eta hainbat ekimen antolatzen dituzte: Bedaioko mendi-martxa, Harri jaia, emakumearen eguna... Atzokoan, urtero antolatzen duten azokaz gozatu ahal izan genuen bertaratu ginenok. Herri osoak parte hartzen du azokan eta denetarik biltzen dute bertan. Atzokoan, besteak beste, animaliak, barazkiak, jakiak, lanbide desberdinen erakustaldiak, argazki zaharrak, garai desberdinetako Bedaioko emakumeen ezkon-soinekoak eta eskuz egindako bitxiak ere aurki zitezkeen azokan. Adineko herritarrak eta gazteak, bakoitza berea erakusten. Giro herrikoi horretan, besoak zabalik, hartu gintuzten Artubi Elkarteko kideek elkarlanerako hitzarmena sinatzeko.

2009an hasi zen Badihardugu Euskara Elkartearen eta Artubi Kultur Elkartearen arteko harremana, Bedaioko ahozko ondarea jasotzen hasi ginenean. Artubiko kideek laguntza handia eskaini ziguten Euskal Herriko Ahotsak proiekturako lekuko egokiak aurkitzen, eta 2009-2010 urteetan 15 elkarrizketa egin ziren Bedaion, tartean baita mahai-inguru bat ere. Orain, bi elkarteen indarrak batzeko eta herriko kultur ondarea bultzatzeko elkarlanerako hitzarmena izenpetu dugu.

Bedaioko grabazioak Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren baitan egin ziren, eta horietako zenbait landu ere egin dira azken urteotan, Tolosako Udalarekin dugun hitzarmenari esker. Hona hemen zenbait bedaioarren testigantzak:

 

 

Argazkian, Artubi Elkarteko eta Badihardugu Elkarteko kideak hitzarmena izenpetzen (Argazkilaria: Artubi Elkarteko Jose Inaxio Larreta)

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia