Elgoibarko Makina Erremintaren lekukoen ahotsak jasotzeko ekimena martxan

2012ko api. 13a, 09:15

Elgoibarko Makina Erremintaren Historizaleen ekimena jarraituz, Makina Erremintaren Museoa eta Institutuaren babesarekin, eta Ahotsak.com-en laguntzarekin, Elgoibarko industriaren sortzaile eta bultzatzaile izan direnen ahotsak jasoko dituzte proiektu batean.

 

Elgoibarko Makina Erremintaren historiari buruzko idatzi asko daude, baina testigu izan ziren pertsonen ahozko bizipenik apenas aurki dezakegu. Hori dela eta,  Elgoibarko Makina Erremintaren Historizale taldeak, ekimen berri honen bitartez, Elgoibarko makina erremintaren sortzaileak eta bultzatzaileak grabatu nahi ditu. Ahalegin berezia egingo da grabazio gehienak euskarazkoak izan daitezen, horrela, aldi berean, Elgoibarko euskara jaso ahal izateko; baina, euskaraz ez dakitenen ekarpena ere interesgarria iruditzen zaienez, elkarrizketak gaztelaniaz ere egin ahal izango dira.

Materiala nola landu eta zer egin, hurrengo fase batean erabakiko dute.  Oraingoz, sortutako grabazio edo material guztia Makina Erremintaren Museoan gordeko da, herriko ondare industrialaren parte izan dadin.

Proiektu honen eragileak Pedro Andonegi eta Pello Arrieta izan dira, eta beste hiru zaletu elkartu zaizkie: Anton Bergara, Luis Mari Zabaleta eta Miguel Angel Mugica. Elgoibarko Makina Erremintaren Museoaren eta IMHren babesa ere jaso dute, batez ere, grabazioak egiteko lekua eta ekipoarekin. Azkenik, Ahotsak.com-eko teknikarien aholkuak eta laguntza izan dute grabazioak egiteko orduan. 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia