Elgoibar Ikastolaren historia jasotzen duen ikus-entzunezkoa prestatu du Badiharduguk

2025ko abe. 16a, 10:05

Badihardugu Euskara Elkarteak Elgoibar Ikastola: 1962tik gelak bizipenez betetzen ikus-entzunezkoa prestatu du, Elgoibar Ikastolaren eta Elgoibarko Udalaren eskariz. Abenduaren 10ean aurkeztu zuten Herriko Antzokian eta dagoeneko ikusgai dago, hemen.

1962ko maiatzaren 2an abiatu zen Elgoibarko ikastola, Itziar Ajuria andereñoarekin eta 29 umerekin. Garai gogorrak ziren arren, ordurako ikastolen mugimendua zabaltzen hasia zen, eta Elgoibarren ere ikastola martxan jartzea erabaki zuten hainbat herritarrek. 63 urte pasa dira ordutik, eta gaur egun Elgoibar ikastola denak Kilometroak jaia ospatu du aurten. Ospkizun hori aitzakiatzat hartuta, Elgoibar Ikastolak eta Elgoibarko Udalak ikastolaren ibilbide luzea jasoko zuen ikus-entzunezkoa osatzea erabaki zuten eta Badihardugu Euskara Elkarteak hartu zuen proiektuaren ardura. Abenduaren 10ean aurkeztu zuten emaitza Herriko Antzokian: Elgoibar Ikastola: 1962tik gelak bizipenez betetzen ikus-entzunezkoa.

Goizean zehar LH5etik DBH4ra bitarteko ikasleek ikusi ahal izan zuten ikus-entzunezkoa eta arratsaldean, berriz, herritarrei zuzendutako aurkezpena egin zen. Elgoibar Ikastolaren lehendakari den Olatz Astigarragak eta Ikastolen Elkarteko zuzendari den Agurne Barrusok hartu zuten parte arratsaldeko ekitaldian eta, besteak beste, ikus-entzunezkoaren testuingurua azaldu zuten. Elgoibarko ikastolaren ibilbidean parte-hartze zuzena izan duten kide ugari bartu ziren aurkezpenean, eta ekitaldi beroa eta hunkigarria izan zen. 

Badihardugu Euskara Elkartea eta Elgoibarko Udala elkarlanean ibili dira azken urteetan, euskararen historia soziala jaso eta ezagutarazteko asmoz. 2021ean ekin zioten herrian euskararen biziberritzean eragile izan ziren herritarrak elkarrizketatzeari. Guztira 42 herritarren testigantzak batu ziren Euskararen Historia soziala Elgoibarren proiektuan. Grabazioak landu eta sareratu egin ziren eta, horrez gain, jasotakoaren emaitza ordubeteko dokumentalean bildu zen. Elgoibar Ikastolaren historia jasotzen duen ikus-entzunezkoa proiektu horren jarraipena izan da. Ikus-entzunezkoa osatzeko, lehendik egindako grabazioak baliatu dira, baina, horrez gain, elkarrizketa berriak ere egin zaizkie ikastolaren zuzendaritzan ibili diren Alfonso Guillori , Edurne Bilbaori eta Jabier Larrañagari. 

Abenduaren 10eko ekitaldiaren inguruko xehetasun gehiago Elgoibar Ikastolaren webgunean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia