Elbira Zipitriaren Ibilbidea aurkeztuko dugu, Donostiako Emakumeen Etxean

2019ko mar. 15a, 14:26

Datorren asteazkenean, martxoak 20, Donostiako Ahots Morea proiektua aurkeztuko dugu Donostian, Emakumeen Etxean. 19:00etan izango da hitzaldi-aurkezpena, eta Elbira Zipitria andereñoari buruzko ibilbidearen berri emango dugu.

Donostiako Ahots Morea proiektua sortu dugu, Donostiako emakumeen historia eta bizimodua ezagutarazteko. Proiektuaren nondik norakoak azalduko ditugu datorren asteazkenean, Donostiako Emakumeen Etxean, Okendo kalean. Lehenengo emaitza ere erakutsiko dugu: Elbira Zipitriaren ibilbidea. Ahotsak.eus proiektuko Idoia Etxeberria izango da hizlaria. 

Ahotsak.eus proiektuan 161 pertsona daude elkarrizketatuta Donostian, erdia baino gehiago emakumeak: 82 emakumeren lekukotasunak, hain justu. Emakumeen bizimoduaren bilakaera ezagutzeko baliagarriak denak ere. Tartean Donostiako historian eta euskalgintzan bidegile izan diren hainbat emakume daude (ikastoletako andereñoak, esaterako), eta baita aurretik izan ziren beste batzuei buruzko testigantzak ere (Elbira Zipitria, Maria Dolores Agirre, Maria Dolores Goya...). Grabazio horiek aztertu, landu eta ezagutaraztea da proiektuaren helburua. Testigantzak oinarri hartuta, gaikako bideoak eta ibilbideak prestatzea, besteak beste. Orain arte jasotakoez gainera, elkarrizketa berriak egiteko asmoa ere badaukagu, genero ikuspegia jorratzeko. 

Donostiako Udaleko Berdintasun Sailaren laguntza jaso du Donostiako Ahots Morea proiektuak. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia