Elbira Zipitria andereñoa gogoan, 40. urteurrenean: ikusi hari buruzko bideoa

2022ko abe. 22a, 14:17

Abenduaren 26an 40 urte beteko dira Elbira Zipitria andereño ezaguna hil zenetik, eta Elbira izeneko dokumentala aurkeztuko dute Donostiako Kursaalean. Guk Ahotsak.eus egitasmoan jasotako testigantzekin Zipitriari buruz egin genituen ikus-entzunezkoa eta ibilbidea ere herritar guztion eskura daude.

Hilaren 26an 40 urte beteko dira Elbira Zipitria andereño ezaguna hil zela. Data hori baliatuta, Elbira dokumentala aurkeztuko dute, 17:30ean, Kursaaleko Ganbara aretoan. Baleuko ekoiztetxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean sortu dute, eta errealitatea fikzioarekin batzen duen dokumentala da: Zipitria ezagutu zutenen testigantzak eta aktoreen interpretazioak uztartzen ditu. Sarrera doakoa da, baina aurrez erreserba egin behar da webgune honetan. Baleuko ekoiztetxekoak gurekin ipini ziren harremanetan, Ahotsak.eus webgunean Zipitriari buruzko testigantza asko ditugulako jasota, eta ahal genuen guztian laguntzen saiatu ginen. Zipitriari buruz prestatu ditugun ikus-entzunezkoaren eta ibilbidearen berri ere eman genien. 

Elbira Zipitriaren ibilbidea 2019an aurkeztu genuen, Donostiako Emakumeen Etxean, eta herritarren eskura dago. Donostiako parte zaharrean zehar sei geldigune proposatzen dituen ibilbidea da, testuz, argazkiz eta bideoz osatua. Zipitriari eta beste andereño batzuei buruzko informazio interesgarria ematen du. Donostiako Ahots Morea proiekturako egin genuen, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzaz.

Elbira Zipitria maistra euskaltzalea 1906an jaio zen Zumaian. Donostian hil zen, bertan ibili baitzen andereño lanetan. Gerraurrean hasi zen euskaraz irakasten, Muñoaren ikastetxean, eta gerraostean ikastola klandestinoa ipini zuen etxean, Fermin Calbeton kalean. Oso andereño ezaguna izan zen, aitzindaria. Metodologia xume baina berritzailea zerabilen Zipitriak, eta andereño mordoa prestatu zituen: ikastola klandestinoen sarea antolatu zuen. Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak oinarri hartuta, Badihardugu elkartean hainbat lanketa egin ditugu Zipitriaren jarduna ezagutarazteko. Maider Oleaga zuzendariak Zipitriari buruz egin zuen Muga deitzen da pausoa filmaren crowfundingean ere parte hartu genuen.

EIMA 2.0. proiekturako prestatu genuen Gerraosteko ikastola klandestinoak bideoan ere aipatzen dute Elbira, nola ez:

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia